Transmisioaren eztena
Oier Guillan
Argia, 2014-08-03

Liburua: Libertitzeaz

Egilea: Antton Luku

Argitaletxea: Pamiela

Urtea: 2014

      Ez da hau udako irakurketa gomendio klasikoa, toallarekin batera hondartzara arin eramateko horietakoa. Baina bada udarako irakurgai aproposa, arreta osoz, lasaitasunez murgiltzea eskatzen duen heinean. Antton Lukuren Libertitzeaz liburuaz ari garelarik, zertaz ari gara? Ene aburuz liburu bat eta asko daude Libertitzeaz honetan: batetik, toberari, libertimenduari, inauteriari loturiko bideak kokatzeko eta ulertzeko ahalegina, euskal artedramaren definizioa zedarritzeko gogoa (antzezte edo erakuste forma guztiak besarkatzen dituen kontzeptua, bertsoa, dantza edo kantua barne), Euskal Herrian eman diren adierazpide eszenikoak tradizioarekin zein mundu osoko teatroko erreferente garaikideekin erraietatik lotzeko proposamena… funtsean, “antzerkia zer da?” galderari galdera berriak lotzeko ahalegina. Baina bestetik, bada egilearen biografiatik abiatutako zerbait, esperientziatik at sortutako teorizatze enetzat hotzegietatik harago norberaren haragian sentitutakoak paperean islatzeko nahia. Lukuk transmisio ariketa pertsonal eta —teatroa izaki— ezinbestean kolektiboa egin du, bere ibilbidean sortutako kontraesanak ezkutatu gabe, behinolako esanen argitzalak agerian utziz, trabesaren zentzua aldarri… funtsean, “zergatik egin antzerkia?” galderari galdera berriak lotzeko ahalegina. Jar ezazu orain, irakurle, “antzerkia”ren ordez beste edozein hitz —kulturaz ari— eta berdin egingo zaizu zirraragarri liburu hau. Lukuk plazaratu duen transmisio-eztena duzue hauxe, idazkera aldetik bulkada arras teatrala duena, zirto eta trabes.