B plana
Agus Perez
Berria, 2014-08-20
“100 m karratu”

Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: abuztuaren 17a.

      Sarak B plana dauka bere bizitza hondoratuari irtenbideren bat emateko, orain arte baino gehiago hondoratzen baldin bazaio behintzat. Baina erosi berri duen etxebizitzan andere edadetu bat bizi da —ordura arteko jabea— , eta bertan biziko da kontratuz, heriotzak harrapatzen duen arte.

      Argumentu-aitzakia berezi horretatik oso komedia mamitsua atera da Juan Carlos Rubio espainiar gidoilariaren eskutik, nahikotxo aldentzen dena hango antzerki, zinema eta telebistarako egin dituen produktu errazetatik. Txalo ekoizpen etxean ohikoa den legez, Espainiatik ibili da muntaia hango aktoreekin, eta orain euskaraz antzeztu dute Iņake Irastorzak, Ana Elordik eta Ramon Agirrek, Begoņa Bilbaoren zuzendaritzapean.

      Esan dugun bezala, egileak etekin polita atera dio jatorrizko egoera bitxiari, eta emanaldian zehar bilakaera nabarmena izango dute hasierako bi emakume zurrunek. Bide horretatik, kontu asko azaleratuko dira elkarren antipodetan dauden protagonistengan —bikote barruko fideltasuna, sexua, menpekotasunak, heriotzaren eta bizitzaren aurreko jarrerak...—, eta horrek guztiak interesa gehituko die berez biziak eta sormentsuak diren dialogoei.

      Larritasuneraino eskematikoa den dekoratu batean garatzen da argumentua, eszenako altzari bakarrak mahai bat bere bi aulkiekin eta aulki gorri besodun bat izanik. Ordea, lotsatzeko moduko ideia pobretasun hori zereginik gabeko tarima absurdu batekin konpentsatu nahi izan da, eta nik neure buruari galdetu diot zergatik ez ote duten diru hori bideratu hormetako egurrezko panel merkeei itxura duin bat emateko gutxienez.

      Gauzak horrela, testu bikainaren eta antzezleen esku geratu da emanaldiaren ardura osoa, eta zalantzarik gabe esan ahal dugu polito bete dituztela hirurek beren rolak, jakitun izanik esku artean zituzten pertsonaiak egilearen opari gozoak zirela: Ana Elordi txukun ibili da arau sozial guztiak konplitu nahi dituen emakumearen pertsonaian, eta Iņake Irastorzak jabe zaharraren rol konplexua jokatu du, nortasun handia erakutsiz eta umorea edadetu baten eskarmentu luzearekin konbinatuz. Azkenik, Ramon Agirrek aipamen berezia merezi du bere ahoskera lausoa gorabehera. Izan ere, bizitzan leku egokirik aurkitu ez duen pertsonaia maitagarria eratu du, eta berezkoa duen samurtasun horrekin kontrapuntu egokia sortu du bi emakumeen sendotasun ikaragarriaren aurrean.