Geure memoria hurbila
Myriam Garzia
Argia, 2012-11-04
“Soinujolearen semea”

Egilea: Bernardo Atxaga. Antzerkirako egokitzapena: Patxo Telleria. Zuzendaria: Fernando Bernues. Musika: Iņaki Salvador. Eszenografia: Jose Ibarrola. Argiztapena: Xabier Lozano. Jantziak: Ana Turrillas. Aktoreak: Aitor Beltran, Joseba Apaolaza, Vito Rogado, Anke Moll, Iņaki Rikarte, Patxo Telleria, Mikel Losada, Asier Hernandez, Amancay Gaztaņaga, David Pinilla, Mireia Gabilondo. Ekoizpena: Tanttaka Teatroa, Bilboko Arriaga Antzokia, Gasteizeko Antzoki Zaharra eta Donostiko Victoria Eugenia Antzokia.

      Bi lagun, adiskidetasuna, traizioa eta iraganaren pisu astuna. Hitz horiekin laburbildu daiteke Soinujolearen semea (Pamiela, 2002), Bernardo Atxagak idatzitako eleberriaren istorioa. Baina hori baino gehiago ere badela esan daiteke, bai eleberriaz, baita antzerkirako egokitzapenaz ere, geure memoria hurbila deskribatzen baita Daviden eta Josebaren arteko harremana oinarritzat duen narrazio honetan, Euskal Herriko XX. mendeko historia, 36ko Gerra zibiletik hasi eta gaur egun artekoa.

      Tanttaka Teatroak EAEko hiriburuetako hiru antzoki nagusiak biltzea lortu du ekoizpen handi honetan, eta antzerkirako sasoi onenak ez diren arren, ekinaren ekinez asmo handiko antzezpena aurkeztu digu lanean jada aspalditik ari den antzerki talde honek.

      Bernardo Atxagak berak oinarrizkotzat jo du antzerkirako egokitzapena. “Antzespena Arriagan aurkeztea oinarri-oinarrizko zerbait da euskal antzerkirako. Literaturak zerbait adierazteko duen ahalmena, besteei zerbait esateko eginkizun horretan, antzerkia oinarrizkoa baita Greziako garaietatik, eta hortik aurrera dena da haren zorduna, egun idazten denak badu antzerki horren kutsurik, formetan edota elkarrizketan. Beraz, Soinujolearen Semea antzerkira eramate hori nolabait iraganera egindako bidaia da”. Idazleak duela 35 urte egindako antzerki lanak ekarri zituen gogora.

      Atxagaren ustez edozein eleberri izan daiteke antzerkia, eta antzerkia izan daiteke eleberria. “Literatuta ametsa da, bakoitzaren irudia, antzerkian aldiz, pertsonaia gorpuzten da, abantaila desberdinak dituzte literaturak eta antzerkiak”.

      Patxo Telleriak zehaztu zizkion hitzak: “Nobela guztiak antzerkiarako materiala izan daitezke, baina batzuk besteak baino errezagoak dira. Liburu honen egokitzapenari dagokionez, hitzetan denboretan eta gertaeretan daukan dimentsioagatik, zailtasun handia izan du. Hala ere narrazioak badu hezurdura bat, eta hezurdura hori behar beharrezkoa genuen horren gainean josteko”. Hala ere, pertsonaia eta egoera ugari bazter utzi behar izan zituzten, “lokomotora bizikleta bihurtu genuen”, urratu beharreko bidea bera izanagatik ere.

      Soinua, musika-instrumentua alegia, oso presente dago antzezlan honetan. Alde batetik, Iņaki Salvadorrek zuzenean jotzen duelako. Bestetik, zenbait tresna eszenatokian kokatuta ikusiko ditugulako.