Urreta landetxean
Agus Perez
Berria, 2012-11-08
“"Goenkale" Kondesaren erretratua”

Zuzendaria: Jokin Oregi. Egileak: Kepa Errasti eta Pausokako gidoigile taldea. Antzezleak: Felix Arkarazo, Maria Cruickshank, Ylenia Baglietto, Karlos Nguema, Xabier Perurena, Yannick Bergara. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroak 5.

      Euskaldunon Egunkariaren garaietako kritika bati Mito bat taula gainean jarri nion izenburu legez —zer eta Marat Sade Barakaldo antzokira ekarri zutenean— baina, distantziak distantzia eta neurriak neurri, izendapen berbera jarri ahalko genioke gure Goenkale-ri, honezkero benetako mito bihurtu delako telebista zale euskaldun askoren artean, ia-ia hamarkada bitan pantailan egon ostean.

      Hortaz, nolabaiteko ikusmina sortu du telebistako telesaila eszenatokietara eramateko ideiak, eta beldur barik esan dezakegu lan jatorra atera dela Jokin Oregik zuzendu duen lan-taldearen eskuetatik.

      Agertokietarako moldaketan, jakina, aldaketa batzuk egin behar dira beti jatorrizko produktuarekin konparatuta, eta ekoizpen honetarako Urreta landetxean sartu dituzte antzezlaneko sei protagonistak, bertako egongelako hormetatik atera ezinik, Bu˝uel surrealistaren pelikula famatu hartan bezala eta Agatha Christieren moduko intriga batean harrapatuta. Hortik aurrera, ordea, ezin diet irakurleei gehiagorik aurreratu, baina argi dago argumentua telebistako bide konbentzionaletatik ibili dela uneoro, protagonistak lapurreta misteriotsu baten peskizan jarriz eta solasaldi gehienak horren inguruan zentratuz.

      Bide horretatik, gidoigile taldeak ondo paratutako bilbea ehundu du eta ikusleen arreta horri esker mantendu da piztuta. Xede horretarako, beste baliabide batzuekin konbinatu da endredo nagusia, eta Rakel eta Nelsonen arteko harreman korapilatsuan sakontzeaz gain, Arraldeko genealogiaren gaineko xehetasun batzuk eman dituzte. Era berean, ugariak izan dira noizbehinkako ezuste dibertigarriak, eta txinpartak atera dizkiete Itxaso eta Nelson bezalako pertsonaia exotikoei.

      Gauzak horrela, di-da batean igaro zaigu denbora, eta horretan guztiz lagungarriak izan dira emanaldi osoaren planteamendu arin-arina eta, beste ezeren gainetik, antzezle taldearen erabateko aisetasuna. Aisetasun hori, ordea, telesaileko parametroetatik datorkie haiei guztiei, eta nolabaiteko gatazka eragiten du telebista zale ez garenongan. Hala ere, aitortu beharra dago emanaldiak ondo baino hobeto funtzionatu duela eta, seguruenik, arrakasta handia edukiko duela Euskal Herriko antzoki gehienetan.