Manexak beti manex
Joxan Oiz
Euskaldunon Egunkaria, 1991-04-21
“Pantzart”

Taldea: Agerre Teatro. Eguna: Apirilak 19. Antzokia: Tolosako Iparragirre. Aktoreak: Jonan Goenaga, Susana Garcia, Miren Orbegozo, Xabier Martiarena, J.C. Ierobi. Eszenografia eta diseinua: Vicente Ameztoi. Musika: Udaberri, Ozenki otxotea eta Aldaba. Zuzendari artistikoa: Maite Agirre.

      Diseinu erakargarriaz apainduriko eszena planteamendu aproposa taularatu zuen Agerre taldeak, Iparragirre antzokian. Izozkailua zirudien Tolosako antzoki txikia, berehala piztu zen herri inauterien musika, dantza, irri, oihu, salto eta bizitasunez, denon gozamenerako. Inauteri urbanoaren hiriburua herri inautez jantzi zen, musikari txilabadunak salbu. Emankizun eskergarria, hankamotz baina. Zuberoako Pastoral, Maskarada eta Xaribarien oinarri jatorra den hizkuntza arroztu baitzuen ikuskariak (etxean arrotza?). Batuara egokitutako zubererazko testua hainbat pasartetan ulergaitza fortunatu zitzaigun. Ikuslegoak, ez zuen hizketaldiarekin bat egin eta batek baino gehiago mamia bera asimilatzeke zuela komentatu zuen saio bukaeran. Hala ere, nik uste denok piztu ginela agerretarren muntaiarekin (butaketan barreiaturik zeuden erdaldun franko barne, azken finean hizkuntza ez baita antzerkiaren giltzarri). Barre algarak ere lapurtu zizkigun Pantzarten tragikomediak. Azkenean txalo zartadek eman zuten baiezko epaia. Miren Orbegozok, jauzkari trakets arina eta maliziosoa, zoragarri jardun zuen.