Maldizioa
Ignacio Arakistain
Uztarria, 2020-11-21
“Antigone edo ezetzaren beharra”

 

      Antigone edo ezetzaren beharra lanak irabazi du 38. Euskal Antzerki Topaketetako publikoaren saria. Iritzi librea erakusteko antzezlan bakoitzean ikusleak bere eskuetan jasotzen duen txarteltxoen zenbakiak batu eta kontatu ostean, Horman Poster konpainiaren hausnarketa lanak eta estetika konkretu bat goratzeak irabazi du taulak hain beharrezko duen beste aldearen errekonozimendu inplizitua. Eta ni obra garailea ikusi gabe, bigarren urtez jarraian. Azken testu honen izenburuak azaltzen du antzerki kronika xume hauek idazten hasi nintzenetik, publikoak gustukoen izan duen pieza ezin ikusi izana. Zer egingo diogu ba, mirariarekin hasi eta maldizioarekin buka. Altxorrez beteriko hiru asteri amaiera eman dio gaurko (azaroak 20) itxiera ekitaldiak. Hona iritsita, beraz, eskerrak emateko probestu nahi nuke nire azken kronika, azken dantza narratiboa.

      Eskerrak eta zorionak antolatzaile guztiei, aurtengoan ez baitzen erraza aurrera eramatea urteen poderioz herriko kultur agendan saihestezina bihurtu den topalekua. Osasun egoera medio, ugari izan ginen zikloaren gauzatzea utopiatzat jo genuenak. Hala ere, neurri guztiak modu zorrotzean betez (ez dezala inork dudarik egin), hainbat jardunalditan joan ahal izan gara antzokira; egoera honetan, are katartikoagoa bihurtu delarik oholtzak eskaintzen diguna entzutea. Eskerrak, bestalde, sortzaileoi eta antzezleoi. Zuek zarete topaketa hauen arima, zuen lanak arrazoitzen du erakusleihoari pertsiana altxatu nahi izatea. Herrian bizi dugun kultur egoera, bere fruituak ematen ari da eta horren erakusle argi eta garbia da aurtengo edizioan publikoaren saria lortu duen obra Dinamoa Sormen Gunean ondua izatea. Kate bat baita artearena, amaierako txalo zein indiferentzia zartadak jasotzera iritsi arteko zalantzen eta galderen hareaz estalitako bide gogor bezain polita.

      Eta azkenik, eskerrak publikoari. Kultur jardueretara joatea ekimen heroiko bihurtu den denborotan, Azpeitiko herritarrei eskerrak eman nahi nizkieke, konbentzimenduz eta maitasunez hain gureak ditugun antzerki jardunaldietara joateagatik. Gure mugetatik haratagoko jendearen falta sumatu dugun arren, jakin izan dugu eszenaratzen ziren proposamenak babesten, eta antzezleari hain beharrezkoa zaion ikuslearen arnasa eta bihotza sentiarazten. Musuko azpiko irrien eta negarren edizioari teloiak jaitsita, gonbidapen bat luzatzea besterik ez zait gelditzen. Herri hau kulturan eraikitzen jarraitzearen gonbita, bide horretan eskutik lagun izango bainauzue. Ondo bizi!