Nortzuk gara gu?
Ignacio Arakistain
Uztarria, 2021-11-12
“Album”

 

      Zer pisu dute belaunaldi batengan aurrekoen bizipen, sufrimendu eta helburu galduek? Beti espero ohi da jendarte berri batek jada ezaguna dena eboluzionatzea, aldatzea, errealitateari so beste ertz batetik egitea. Desiragarria litzateke akatsetatik ikastea, independente izateko exijentzia eta espektatibaz beteriko motxila ertzean uztea, baina existentziak errepikakorrak diren heinean, historiak zirkulu amaigabe baten itxura hartzen du, eta plan perfektuaren bila dabilenak norbere bidea topatzen lan larregi duen banako oinazetsu kuadrilla aurkituko du soilik. Teknologiaren aurrerapenaren aroa da gurea, sare sozialena eta esposizio publiko etengabearena. Garaiotan gazte izatea egokitu zaigunok guztia dugu eskura, inguratzen gaitu anabasa heterogeneo batek, eta gela erdian dugun elefantea —kamuflatzen abila den ostruka bihurtua gaurkoan— nekez ikusi dezakegu. Gutxitan pausatzen baitugu errutinaren trena, gugandik espero denetik urrundu eta gutartasun hori dudan jartzeko. Nortzuk gara gu, eta zer dugu esateko?

      Euskal Antzerki Topaketen azken txanpan, Formol Laborategikoek aise erakutsi dute beren perspektibatik gauzak kontatzeko duten bokazioa eta determinazioa. Zubi sortzaile berriei zuzenduriko bekari esker sortu ahal izan dute pieza Edurne Azkarate lanaren zuzendariak eta Mikel Ibarguren eta Intza Alkain aktoreek. Bidaide ugarik zuten jarria gaurkoan zita Azpeitian, eta esku ugariren laguntzaz ondu den lanak gorputza nola hartzen duen ikusteak eragindako pozak deituta, hantxe agertu dira euskal teatroko sortzaile ugari. Atzera begirako nostalgiko batekin hasten den lanak XX. mendearen azken urteetan jaio ginenoi egiten digu erreferentzia, millennial belaunaldiari. Gaztetasunetik gazteen barne zein kanpo gatazkez jarduteko sortu duten album partikular honek agerraldi bananduak jartzen dizkigu begien aurrean, zenbaitetan proposatutako ideiek eraginkortasuna galtzen duten arren, luzeegiak bihurtzen direlako.

      Dinamikoa da, hala ere, lana. Taldekideek galdera eta iradokizun interesgarriz jositako monologo mamitsuak dosifikatzen dituzte mikro aurrean, publikoari gustagarri zaizkion umore arinez jositako uneak eta ondo hautatutako musikarekin eta mugimenduarekin albaindutako trantsizioak. Zukua ateratzen diete, bestalde, eszenatokiaren atzean kokatutako izara zurian proiektatzeko unean bertan kamera nimiņo batekin hartutako irudiei. Amaiera borobilago bat espero nuen besaulkian eserita nengoenean, txandal koloretsuak —eta itotzen gaituzten betebehar, itxaropen eta aurreiritziak— erantsitakoan eztanda egin duen festaz haratago. Lortzen da, noski, hausnarketari ate bat zabaltzea eta erreferentziaz jositako itsaso horretan gure burua gaur egun non kokatzen dugun eta belaunaldi honen existentzia hutsala nondik bideratu nahi dugun kuestionatzea, modu fresko eta entretenigarrian.

      Gozatutako antzerkiez kronikak egitera mugatzen da nire jarduna azken asteotan, baina lerro hauei amaiera eman nahi nieke publikoa biharko saiora gonbidatuz. Musika lanak tarteko, Bilboko Arriaga antzokian ikusteko aukera izan nuen lana galdu egingo dut bihar, baina zinez gomendatzen diot arratsaldea planik gabe duenari Soreasura gerturatzea, ez baita damutuko maitasunaren hondarretan murgiltzeaz.