Bihotzez egina
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1997-11-27
“Hau komeria!”

Egilea: Agurtzane Intxaurraga. Konpainia: Hika antzerki taldea. Zuzendaria: Agurtzane Intxaurraga. Piano jolea: Mari Jose Bergara. Antzezleak: Josu Lopez Soraluze, Ainhoa Aierbe, Mikel Laskurain. Agurtzane Intxaurraga. Efektu piroteknikoak: Piroteknia Astondoa. Hizkuntz arduraduna: Ritxi Lizartza. Lekua: Azpeitiko Zelaitxo antzokia. Eguna: Azaroaren 15ean.

      Henry Bengoa: inuentarium liluragarri hura ikusi nuenetik argi neukan ez nuela galdu behar Hika taldearen ondorengo lana eta, beraz, ez nuen birritan pentsatu Euskal Antzerki Topaketetan izango zirela jakitean. Azpeitiko Zelaitxo antzokira heldu nintzenerako jendez beteta zegoen sarrera eta hara non morroi bat zegoen bertan, jendeari presa sartzen —erdi bultzaka eta guzti— nor bere tokian jesartzeko eta emanaldia ahalik eta arinen hasteko.

      Behin denok eserita, berak jakinarazi zigun aretoko argiketaria zela eta oso interes handia zeukala emanaldia arinik eta lasterren amaitzeko, baina, zenbait arazo zirela medio, apur bat berandutxoago hasiko zela ikuskizuna. Dena dela, ez kezkatzeko eskatu zigun, azkenik egin egingo zelako. Eta egin egin zen ikuskizuna, txinparta pirotekniko, eta beste gorabehera eta pasadizo ugariren artean, horrelakoa delako Hau komeria-ren planteamendua, hots, komedia musikaletako molde klasikoen haritik ezusteko egoerak sortzea, umorea erabiltzea eta publikoarekin harreman zuzena izatea ikusleengandik hurbileko pertsonaia herrikoien samurtasunaz baliatuz.

      Eremu eszenikoari begira ez dago ezer aipagarririk, edo agian dekoraziorik eza azpimarratu beharko genuke, piano bat bazter batean eta arropaz beteriko esekitoki bat besterik ez baitago. Baina eszenaren biluztasun horrek are balio handiagoa ematen die musikari, ahotsari eta aktuazioei, jarraian komentatuko dugun bezala. Musika arloan hainbat egileren konposizioak erabiltzen dituzte, nahiko estilo desberdinetakoak, jazzetik salsaraino, opera, zarzuela eta euskal herri musikatik pasatuz, eta esan beharra dago oso atsegina egiten zaigula halako kanta ezagunak euskaraz eta umore klabean entzutea.

      Eta musikarekin batera, ahotsa dator, jakina. Nik esango nizueke lan honetatik alde zehatz bat nabarmentzekotan, ahotsarena izango litzatekeela, duda izpirik gabe, hain dira ederrak eta landuak bi neska antzezle-kantarien ahotsak. Bene-benetan diotsuet. Beno, egia esan, dena da landua ikuskizun honetan, nahiz eta dena iruditu era naturalean sortua dela. Ezer ere ez da behartua, erabiltzen duten umorea beti mantentzen da fintasun eta samurtasunaren parametroetan, haien guztien aktuazioan igartzen da daukaten guztia ematen dutela, bihotzez egina dela, eta —azkenik— eskertzekoa da euskararen erabilera ere, goxoa eta argia aldi berean.

      Gero, amaitzean, etorri zen xanpaina, etorri ziren pastak eta publikoarekin solasa aretoko atarian, eta Bilbora itzultzeko bidaia. Eta geroago etorri zen gripea, katarroa edo dena delakoa, ez dakit zenbat egunez ohera bidali nauena. Baina azken hori, jakina, beste upeleko sagardoa da. Eta nik edan ezinik!