Zaletasunak bizirik dirau
Joxemari Carrere Zabala
Euskaldunon Egunkaria, 1997-12-04
“Gure buruari, kuku”

Taldea: Goaz. Egilea: Imanol Elias Odriozola. Antzezleak: Josu Iriondo, Ainhoa Urbieta, Joseba Eskudero, Inazio Larramendi, Arantza Egaņa, Aitor Larramendi, J.M Oiartzabal, Iraia Agirrezabala, Dorleta Lazarobaster, Arritxu Urbieta, L.M Agirrezabala. Argiak: Karlos Larramendi. Lekua: Azpeitiko Zelaitxo Antzokia. Eguna: Azaroaren 29a.

      Harrigarria da nola hogeita hamabi urte ondoren antzerkia zaletasun hutsez bizi duen taldeak aurrera jarraitzen duen. Eta euskara hutsez gainera. Harrigarria diot baldintza guztiak daudelako halako taldeak bere bidea gero eta zailago eduki dezan. Zaila baita antzerkia egitea gure Euskal Herri honetan. Are zailago hizkuntz txiki batean. Eta oraindik zailago zaletasunean murgilduta, inork ez baitu gogoan hartzen halako talde txikiak egon badirela. Administrazioak honekin zerikusi handia dauka.

      Horregatik, harrigarria da Debako Goaz antzerki taldea antzezlan berriarekin guregana heltzea. Azpeitiko antzerki topaketak lagundutako ekoizpena da. Azpeitiko idazle baten, Imanol Eliasen, lanarekin. Eta geure buruaz aritu, ez dela gutxi.

      Idazlea aspaldi dabil antzerkia idazten. Azpeitiko Antxieta taldeko zuzendari izan zen, baita bertako arima ere. Bere idazmoldea garai batekoa izan arren, ardura handia jarri ohi du bere ingurua eszenatokira ekartzen, hizkuntz dotorean gainera. Nire gustukoa ez izan arren halako antzerkia, onartu behar zaio kemen handia duela, zergatik ez, esker ona, antzerkia euskaraz idaztea bide bazterretik ibiltzea baita. Zorionez bere lanak eszenatokian ikus daitezke.

      Goaz antzerki taldeak, bere bideari jarraituz, euskal antzerkigile baten lana aukeratu du oraingoan ere. Bere baliabideak eskasak izan arren, ez dira kokiltzen debarrak, eta antzerkirako grina erakusten dute oraingoan ere. Aurkezten diguten Gure buruari kuku hau, bost ekitalditan dago banatua, eta elkarrekin loturarik ez dutela iruditu arren, euskaldunon izaeraz ari zaigu, era irrigarrian. Aktore belaunaldi ezberdinak agertzen zaizkigu, hasiera-hasieratik taldean dihardutenak eta denboraren joan etorriaz gehitzen joan zaizkion gazteak. Guztiek taula gainean emandako orduak dutela ikasbide bakarra ia-ia. Nahiko luke antzerki eskolatan dabilen batek baino gehiagok hauen eszenatokiko esperientzia edukitzea. Dena dela, uste dut badaudela hobetu ditzaketen gauzak. Eszenografia esate baterako. Nire ustez, hasierako leize-zuloko agerralditik hurrengo agerraldietara salto handia dago. Bat-batean eszenatokia hutsegia ikusten da, eta hori konpondu beharrean daudela uste dut. Estrenoa izanda onartuta ere, antzezlariak ez nituen ikusi nahi adina lasai, eta askotan erritmoan nabaria zen hori. Espero dezagun hurrengo emanaldietarako martxa hartuko dutela.

      Baina, gainontzekoan, erraz ikusten da antzezlana. Geure buruari barre pixka bat egiteko balio du, eta oro har, denbora pasatzeko antzezlan polita dugu. Azken finean, antzerkia hori baita, denbora pasa.

      Euskal antzerki amateurrak bidean darrai oraindik, zorionez. Eta hori beti da eskertzekoa. Geure buruari kuku egiteko besterik ez bada.