Eibarko lore guztiak
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1998-04-04
“Udaberriko lore guztiak”

Egilea: Patxi Bilbao. Konpainia: Bederen 1. Zuzendaritza: Patxi Bilbao. Musika: Aitor Amezaga. Eszenografia eta jantziak: La Gallina Ciega. Argiztaketa: Eragin Stac. Antzezleak: Maite Agirre, Pilar Guerra, Jon Ezkurdia, Patxi Santamaria. Lekua: Eibarko Antzerki Jardunaldiak. Eguna: Apirilaren 1a.

      Bederen 1 taldearekin amaitu dira Eibarko XXI. Antzerki Jardunaldiak. Dudarik gabe esan ahal dugu aurtengo programazioa izan dela azken urteotako onena, eta pentsa ezazue orain artekoak ere ez direla makalak izan! Era askotako ikuskizunak ikusi ahal izan ditugu martxoko egun gehienetan, eta haietariko asko eta asko kalitate bikainekoak izan dira.

      Gutxienezko sailkapen bat eginez, multzo batean sartuko genituzke gure artean sortutako bost ekoizpen: Malvaloca, Torito bravo, Nerudaren postaria, Shakespeare osoa eta oraintxe azalduko dizuedan Udaberriko lore guztiak. Euskal Herriko hainbat lekutan egon edo ibiliko dira, azken hirurak izanik jardunaldietan euskaraz eman diren bakarrak. Gure herritik irten gabe, beste esparru batean ipini behar da Talde unibertsitarioen deritzon saila, bertan kokatzen direla Narruzko zezen Eibarko talde unibertsitarioa, Basauriko Antzerki Eskola eta 96 Unicornios, Getxoko Antzerki Eskolako taldea. Zer esanik ez era horretako taldeentzat guztiz baliagarria dela jende aurrean antzezteko aukera. Kanpotik etorritakoen artean, aipatzekoak dira lau klasikori eskainitako antzezlanak, hain zuzen ere Calderon, Valle-Inclan, Lorca eta Borgesen inguruan taularatutakoak. Eta azkenik, ikuskizun berezien artean kokatuko genituzke Imprebis taldearena (eurenak bai inprobisazio ederrak!), Leo Bassirena (adi egon, oraindik italiar kamikazeak gure artean antzeztuko ei duelako), edota La froza del desatino eta En Saintrowist ikuskari komiko musikalak.

      Udaberriko lore guztiak lanean Bederen 1 konpainiak komedia erromantikoari ekiten dio. Duela ia urtebete aurkeztu zuten Donostia aldean, baina harrezkero ez da leku askotatik ibili, nik uste, eta agian horrexegatik ez ziren behar zen beste prestatuta etorri lau aktoreak. Esan nahi dut olio falta edo igartzen zitzaiola interpretatzearen makineriari, aspaldian gordeta egon izan balitz bezala. Baina unez uneko akats hori albo batera utzita, esan beharra dago oso testu interesgarri baten aurrean gaudela. Patxi Bilbao obraren egileak dioenez, “istorio erromantiko bat da, jende erromantikoari zuzendua”. Eta egia da, izan ere. Beharbada erromantikoegia eta guzti nire gusturako, batez ere eztiz gainezka dabilen amaiera gogaikarri horretan, baina... tira! Nori ez zaio gustatzen pertsona arrunten arazo txikiak (eta handiak) eszenan agertzea eta konpontzen ikustea? Azken finean, horixe izan da betidanik teatroaren zeregina eta argi dago Patxik ederki maneiatzen dituela komedia eta dramaren hariak ikuslearen sentikortasunari heltzeko.

      Zenbait alde teknikotan, ostera, hobetu beharra dago, eta arlo horretan oso eskasak iruditu zaizkit bai eszenografia eta bai jantziak, ikuspuntu artistiko batetik behintzat. Nahiko ona da, ordea, lauron interpretazioa, batez ere kontuan hartuta elbarrituen planta egitearen zailtasuna, eta ildo horretatik baloratzekoa da arazo fisikoaK dituzten pertsonekiko begirunea. Euskarari dagokionez, nik buelta pare bat emango nioke testuari naturaltasun bila, zenbait pasartetan nahiko egitura gramatikal konplikatuak pilatzen direlako (momentu batzuetan badirudi aho-korapilotan dabiltzala). A!, eta euskaraz ari garela, ezin politagoa iruditu zitzaizkidan Unikornio urdinaren bertsioa eta Maria Eugenia Etxeberriaren ahotsa. Nik behintzat bertan ipiniko nukeen amaiera, atzean datozen bi eszena istorioaren edertasuna bigundu besterik ez baitute egiten.