Amets iragarleak
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1998-05-05
“Dakota”

Egilea: Jordi Galceran. Konpainia: Tanttaka Teatroa. Zuzendaritza: Josep Maria Mestres. Musika: Carles Puertolas. Eszenografia: Montse Amenos. Jantziak: Pepi Aubia. Argiztaketa: Ignasi Morros. Antzezleak: Ramon Agirre, Enrique Diaz de Rada, Aitzpea Goenaga, Jose Ramon Soroiz. Lekua: Zornotza aretoa. Data: Maiatzaren 2a.

      Gezurra dirudi, baina dagoeneko hamabost urte igaro dira Tanttaka Teatroa hasi zenetik. Beharbada amets iragarleak izan zituzten proiektu harekin hasi zirenek ere, baina, ikuskizunen munduaren bilakaera ikusita, argi geratzen da mesedegarria izan dela antzerki ekoiztetxea, alde batetik euskaraz egindako antzerkia bultzatzeko, eta, bestetik, nolabaiteko oreka sortzeko joera artistiko hutsen eta beharrizan komertzialen artean. Bide horretatik, gogora ditzagun Tanttakak ekoiztu dituen azken lau antzezlanak (Denak errudun, Umekeriak, El florido pensil eta Shakespeare osoa) eta hobeto ulertuko ditugu estreinatu berria den Dakota-ren ezaugarriak.

      Amets iragarleak izenburua eman diot komentario honi. Mota horretako ametsak izaten ditu Hipolitok ere, Dakota-ren protagonistak. Jordi Galceran-ek idatzitako testuak amesgaiztoen eta errealitatearen arteko mugan kokatzen du Hipolito, eta berarekin batera nahiko egoera kaotiko batean murgiltzen gaitu lehenengo minutuetan. Laster azalduko digu Hipolitok berak nola konturatu zen amets iragarleak izaten zituela eta zer-nolako ondorioetara eraman zuen bere burua ahalmen horrek.

      Testuak Kataluniako Ignasi Iglesias saria eskuratu zuen 1995. urtean, eta nik behintzat ez diot hainbeste bertute literariorik ikusten, baina egia da nahiko argumentu interesgarria duela eta ederki lotuta daudela istorioaren pasadizoak. Bestalde, oso era burutsuan berreskurat-zen dira ametsetan lortutako informazioak protagonistaren hurrengo erokeriari bidea zabaltzeko, eta, gauzak horrela, ikusleak badauzka barre egiteko parada baita burua erabiltzeko aukera ere.

      Istorio zoro honetako pertsonaiak Ramon Agirrek, Aitzpea Goenagak eta Jose Ramon Soroizek egiten dituzte, eta Enrique Diaz de Radari tokatu zaio protagonista izatea Hipolitoren rolean. Laurok ditugu aktore ezagunak bezain sendoak, eta erraztasun handiz ematen dituzte pertsonaien nortasuna eta bilakaera narrazioa aurrera joan ahala. Beste arlo bati begira, Montse Amenos-ek diseinatutako eszenografia eskematikoak oso soluzio sormentsuak planteatzen ditu argumentuaren egoera desberdinetara moldatzeko. Aktoreek beraiek ere kolaboratzen dute eszenako elementuak sartzen eta ateratzen, betiere gidoiak hala eskatuta edo, eta ikusleak ia konturatu barik burutzen dira aldaketa eszenikoak Hipolito gizagaixoak bere bizitzaren gorabeherak azaltzen dizkigun bitartean.

      Balorazio orokor bat eginez, Dakota-k ez du ez sakontasunik bilatzen ez konplikaziorik planteatzen, baina esan beharra dago ondo egina dagoela, ondo baino hobeto funtzionatzen duela (nik erritmo bizkorragoa emango nioke, dena dela), eta, batez ere, ez dela inolaz ere jausten endredo-komedietako betiko topiko gogaikarrietan. Orain bakarrik falta zaigu euskarazko bertsioa erdarazkoa bezain arrakastatsua izatea. Edo gehiago agian? Laster ikusiko dugu.