Oihal bat, antzezle bi eta bi maleta handi
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1998-11-01
“Haurra xutik”

Egilea: Andree Chedid. Konpainia: Theatre des Chimeres. Zuzendaritza eta moldaketa: Jean-Marie Brouoaret. Eszenografia eta jantziak: Anne-Marie Pihouee. Maskarak eta atrezzoa: Annie Onchalo. Musika: Pascal Gaigne. Argiztaketa: Pierre Auzas. Antzezleak: Olatz Beobide, Txomin Heguy. Lekua: Zornotza aretoa. Data: Urriaren 30a.

      Hasiera batean zeru zabala irudikatzen duen oihal bat besterik ez dago eszenatokian. Baina laster agertzen dira antzezle biak (gizona eta emakumea) , grisez jantzita, maleta handi bana daramatela, eta maleta horietatik abiatuko dira Haurra xutik ikuskizunean agertzen diren istorioak. Oihal bat, antzezle bi eta maleta handi bi, besterik ez du behar ikuskizun honek gure burua eramateko irudimenaren eremu zoragarrietara.

      Baionako Theatre des Chimeresek ekoiztu du Euskal Herriko zenbait toki bisitatzen ari den antzezlan hau. Haurra xutik-en argumentuak hiru istorio ezberdin azaltzen dizkigu, baina hirurek daukate jatorri amankomun bat hirurak datozelako Andree Chedid idazlearen lumatik. Kairo hirian jaio zen emakume hau Frantzia aldean da gure artean baino ezagunagoa Parisen bizi baita Munduko Bigarren Gerraz geroztik, eta bere izaeraren isla emateko hona hemen beraren adierazpen batzuk, Theatre des Chimeresek azaleratuak antzezlana aurkezteko asmoz: “Komunikazioa posible dela sinesten dut; arazorik gabe ez, baina posible da. Oroz gainetik interesatzen nau: gizakiaren barne zolan, bilgune baten, lurralde amankomun baten bilatzeak. Horregatik (...) honen adierazteko beharra senditzen dut: heriotza-amodioa-bizia”.

      Hain zuzen ere, heriotza, amodioa eta bizia egon dira present, oso present, obraren hiru istorioetan. Baina haiekin batera beste elementu batzuek ere osatu dute ikuskizun magiko hau, eta horien artean soinu-banda miresgarria aipatu behar dugu, ondo baino hobeto sustatzen dituelako narrazioaren haria eta emozioa. Musikaren sortzaile nagusia Pascal Gaigne ezaguna dugu, baina Tom Waitsen kanta bat ere entzun dugu eta Lluis Llach ere hortik omen dago, agian antzezleek abesten duten bi kanta eder horietan. Bestalde, Annie Ochalok sortutako maskarak dira ikuskizunaren elementurik nabariena: karakterizazio argia ematen diete hala pertsonaiei nola narratzaileei ere (maskara barik aritzen direnean) eta oso kutsu berezia komunikatzen diote lanari, beronen giro poetikoa, dramatismoa eta sakontasuna areagotuz.

      Hala eta guztiz ere, maskarak ez lirateke ezer izango bi aktoreen interpretazioaren ezean. Hasiera-hasieratik harrapatu gaituzte beren begirada sakonekin, eta magnetismo itzela ezarri da haien eta gure artean. Oso keinutasun fina erakutsi dute, ñabardurez betea, mugimendu bakoitzaren zehaztasuna eta leuntasuna ederki jorratuz, Hitz berberak erabili ahal dira bion ahoskera deskribatzeko: erabat garbia da niretzat Olatz Beobiderena eta Txomin Heguyk, ordea, bere sorterriko tonuera goxoa gorde du, baina zehaztasuna eta fintasuna izan dira dudarik gabe ahoskeraren ezaugarri nagusiak. Eta amaitzeko, azpimarratzekoa da euskararen kalitate literarioa, Heguyk berak sortutako bertsioa poetikoa eta dotorea delako, eta, aldi berean, ikusle gazteek eskatzen duten erraztasunetik oso urruti ez dabilelako.

      Izan ere, nahiko haur helduentzat dago pentsatuta antzezlana, edo bestela, gazte eta nagusiontzat ere. Zornotza aretoan zeuden ikusle gehienak, ostera, gazte-gazteak ziren (zortzi urtekoak baino gazteagoak, hain zuzen) baina hori ez zen oztoporik izan erabateko isiltasuna eta arreta mantentzeko, testuak eta interpretazioak umeengan zein nagusiengan sortutako lilurari esker.