Amaitzear dago
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2001-03-31
“Lotsa gabe”

Jaialdia: Eibarko XXIV Antzerki jardunaldiak. Taldeak: Vaiven (Lotsa gabe) eta Suripanta (El inspector). Lekua: Eibarko Hezlkuntza Esparrua.

      Amaitzear daude aurtengoz Eibarko Antzerki Jardunaldiak, eta azken aste honetan obra interesgarri bi igaro dira Hezkuntza-Esparruko taulatik.

      Lotsa-gabe antzezlanean bost gazte eta bost aulki altu besterik ez dago taula gainean, baina estetikaren soiltasuna erraz gainditzen da gaiaren barne interesa dela medio. Izan ere, nori ez zaizkio interesatzen sexuaren inguruko gaiak, eta are gehiago konplexurik gabe baina begirunearen ikuspegitik planteatuta badaude?

      Berez, antzerki-produktu fresko eta bizi hau institutuko ikasleentzat pentsatuta dagoela dirudi —izan ere, beraiek dira informazio zuzen eta antolatuaren behar gorriena dutenak—, baina, nik ikusitakoagatik behintzat, primeran funtzionatzen dute helduen artean ere publiko zabalarentzako emanaldiek.

      Esan dudan moduan, freskotasuna dario lanari, eta erritmo bizian garatzen dira elkarren segidako elkarrizketak, bost antzezle gazte-gazteen esku, gai labainkorrari buruzko gaiak era atsegin eta didaktikoan aletzen diren bitartean. Hain zuzen ere, zer edo zer kritikatzekotan didaktikoegia dela esango nuke nik, eta, beste kontu bati begira, testuaren zurruntasuna saiatuko nintzateke leuntzen, behar diren hitz tekniko ugariak errespetatuz baina euskarari naturaltasuna emanez, kaleko jendeak erabiltzen dituen berba zuzenak eta onartuak ez baztertuz.

 

      Gogolen inspektorea berriz gurean

      Suripanta Teatro izan da Jardunaldi hauetan programatu den azkenaurreko konpainia profesionala. Beraiek taularatutako El inspector (Inspektorea) Barakaldo antzokian ikusi nuen estreinatu zenean, eta oro har gogorapen ona utzi zidan.

      Hasiera batean nahiko zaharkitua iruditu zitzaizkidan argumentuaren mamia eta obran deskribatzen den egoera, baina beste alde batetik, pentsatu beharra dago ia berrehun urte pasatu direla idatzi zenetik eta, beraz, klasiko baten aurrean gaudela. Ildo horretatik, gauzak ez dira gaur egun Tsarren Errusian ziren moduan, baina testuan deskribaturiko hipokrisiak berdin antzera jarraitzen du eta horretan datza obraren betikotasuna. Horretan funtsaren aldetik, zeren errealismo kritikoaren sortzaileak endredo dramaturgia finfma eratu zuen, ikusleari lehen momentutik esanez pertsonaiek azkenera arte jakingo ez dutena. Interpretazioak eta talde kohesioa Gogolen testua bezain finak izan ziren, baina alde gaitzesgarrien artean estetikarena aipatu behar da, telebistako Estudio 1 antzinako programatik aterata baitzirudien dekoratua.

      Jardunaldietako azken egunotan, Pepe el Romano lan gomendagarria egongo da gaur, eta apirilaren 2an aurtengo Narruzko Zezen talde unibertsitarioarekin amaituko da Eibarko Antzerkialdia.