Trobika eta Billela Arriagan bat eginik
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2001-05-01
“Mungia, Elizatea eta Uria”

Antzezleak: Mungiako herritarrak. Generoa: herri opereta. Kolaboratzaile batzuk: Carlos Panera, Jon Lopategi, Rafa Rueda. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Apirilaren 29a, igandea.

      Duela mende bat elkartu ziren Mungiako herrian mendeetan zehar izan ziren udalerri biak, hau da, Elizatea eta Uria, eta gertakari haren harira jaio zen Arriaga antzokian ikusi berri dugun herri opereta.

      Taula gainean 150 lagun agertzen dira, eta ahalegin izugarri hori gauzatzeko, herriko jendeaz gain, kultur munduko hiru izen elkartu dira ikuskizuneko beste hainbeste arlotan jarduteko.

      Carlos Panera Maskarada taldeko zuzendariak bere gain hartu du proiektua aurrera eroateko ardura, eta hainbat koadrotan antolatu du botere edo administrazio biren pean bizi izandako herriaren historia, antzinako euskal herritarren bizimodu eta sinesmenetatik abiatuta 1900eko elkartzeraino ailegatu arte. Tarteko mendeetako hutsunean, ostera, Euskal Herrian zein Mungian bertan jazotako gertaera eta pertsonaia historiko batzuk agerrarazi ditu, hala nola Ganboarren eta Oinaztarren arteko gerrateak, Matxin kapitaina edo pirata, karlistadak eta indianoen gogorapena, betiere era sintetikoan, lehentasuna emanez erritmoaren bizitasunari eta istorioaren ulergarritasunari.

 

      Pastoraletako hainbat elementu

      Ikuskizunak, oro har, pastoraletako hainbat elementu erabiltzen ditu nahiko era librean, esate baterako eszenako albo banatan Trobika eta Billelako armarriak agertzean —ateak balira bezala— edota Panera bera eszenan bertan egotean, baina Zuberoarekiko zorra ezin ageriago geratzen da hasieran eta amaieran, Etxahunengan oinarritutako kantarekin eta azken txaloen arteko martxa musikarekin.

      Izan ere, musika da muntaiaren alderik interesgarrienetako bat. Arlo horren ardura Rafa Rueda herriko PiLT-ko abeslari eta arimak hartu du, Bizargorri pirata turkoarena egiteaz gain, eta, hasiera nahiz amaierako kanta biek kenduta, Bizkaiko kanta zahar batzuk erabili ei dira gehienbat.

      Bestalde, ezinbesteko garrantzia dauka Jon Lopategiren zereginak lanaren osotasunean, berak ipini baitu bertsotan Paneraren gidoia. Bertsolariak Bizkaiera jasoaren maila eman dio Mungialdeko euskarari, eta hizkeraren kalitatea are nabariagoa geratzen da aurkezle bien zein abeslari guztien ahoskera garbi-garbian.

      Ezin dut komentarioa bukatu txaloen garaian gertatutakoa esan barik. Amaieran, antzezle guztiak lerroka azaldu ziren taula gainean eta lerroz lerro agurtu zituzten ikusleen txaloen artean. Baina geroago —lerroak apurtuta berriz agertu zirenean— ikusleak zutunik jarrita hasi ziren txalokatzen. Hura bai apoteosia! Bazirudien Arriaga antzokia ere jausiko zela! Hurrengo pastorala Bizkaiko zein herritan sortuko da?