Antzerki interaktiboa
Agus Perez
Berria, 2004-11-13
“Ezetz lepoa jarri”

Konpainia: Kanpingags. Egilea: Paul Portner. Zuzendaria: Pere Planella. Aktoreak: Jose Ramon Soroiz, Kontxu Odriozola, Joseba Apaolaza, Asier Hormaza. Lekua: Santurtziko Serantes aretoa. Eguna: Azaroak 10.

      Santurtziko Antzerki Jaialdiaren XXV. edizioaren baitan izan dugu Ezetz lepoa jarri ikusteko parada. Serantes aretoa handia da, eta pozgarria izan zen besaulki den-denak beteta ikustea. Ikusle asko multzoka zetozen, euskaltegietatik bideratuta seguru aski, baina beste asko koadrilan, familiartean edota bikotekidearekin hurbildu ziren, Ezkerraldean euskara bizitzen ari den susperraldiaren seinale.

      Eta ez da harritzekoa, Kanpingags konpainiaren azken produkzioak arrakasta izateko tanto asko dauzkalako. Hasteko eta behin, komediaren generoan sartzen da bete-betean. Gainera, Paul Portner estatubatuarrak idatzitako testuak jendearen egunerokotasuna lantzen du bereziki: gertaera guztiz normalak aurkezten dizkigu goiko solairuko hilketa kenduta, jakina ile-apaindegia bezalako leku normal batean. Horrek asko errazten du solasaldien naturaltasuna, Ritxi Lizartzaren ofizioari esker euskaraz ere mantendu dena. Baina, dudarik gabe, antzezlaneko tantorik nagusia ikusleen partehartzea da. Beraiek aukeratu behar dutelako nor den pianista gogaikarriaren hiltzailea, antzezleekin beraiekin birpasatuz hilketa jazo arte gertatutakoa eta, geroago, galdera zuzenak eginez pertsonaia bati edo besteari, haietariko bakoitzaren susmagarritasunaren arabera. Alde horretatik, ederto moldatu ziren Asier Hormaza eta enparauak galderek planteatzen zituzten ezusteak bideratzeko eta ikusleek ere sudur fina erakutsi zuten beren susmoak azaleratzerakoan.Beste kontu bat da nola gauzatu den hori guztia eszenaratze eta interpretazioaren aldetik. Zeren eta nik, adibidez, ulertu ahal dut ezin dela eremu eszeniko kontzeptualik paratu batere kontzeptualtasunik ez duen antzezlan baterako. Baina aldi berean, argi dago XXI. mendean beste gauza bat sortu ahal eta behar dela, hala dekorazioaren nola jantzi eta argiztapenaren aldetik, 60ko hamarkadako Estudio 1 telesaioko eskema estetikoetan geratu nahi ez badugu.Azkenik, aktore-lana da antzokira joateko zioetariko bat. Soroiz ikustea beti da gozagarria, kasu honetan bere erregistrorik errazenetan mugitzen den arren. Beste antzezleek ere txukun jokatzen dute, betiere telebistako parametro ezagunetatik irten gabe. Joseba Apaolazak, aldiz, komikotasunaren zama ia osoa darama, eta alde horretatik zera eskatuko nioke zuzendariari: saioaren gehiegizko luzera errotik murriztea eta Apaolazaren eta beste aktoreen arteko desoreka apaltzea.