Sinfonia garaikidea
Agus Perez
Berria, 2005-06-30
Donostiako Antzerki Feria

Obrak eta konpainiak: 'Hiruki Lauki' (EliralE); 'Ga-gá' (Marta Carrasco); 'Como agua para chocolate' (Ados) Eguna: Ekainaren 29a.

      Donostiako Antzerki Ferian gaude berriz ere. Oraindik lehen eguneko arratsaldea baino ez dela, badirudi denbora asko eman dugula jada antzoki batetik bestera, gauza berriak eta ez hain berriak ikusten: gaurkoan Feriako lehenengo biak aipatuko ditugu, Ados teatroaren Como agua para chocolate, bere garaian komentatu nuelako orriotan.

      Iparraldeko EliralE konpainiak sorpresa ederra eman digu Hiruki Lauki dantza lanarekin. Pantxika Telleriak zuzentzen duen taldeak bi piezak osatutako programa aurkeztu digu eta beldurrik gabe esan ahal dut bete-betean asmatu duela bietan. Hiruki izenekoan bi neska eta mutil bat dira dantzariak, hiruren arropak kolore gorri bizikoak dira eta kontraste ederra sortzen dute azal zuriarekin. Dantza iluntasunean hasten da, baina laster ulertuko dugu argia dela lan honetako protagonista nagusienetariko bat. Izan ere, nik esango nuke honako hau dela Javi Ullak orain arte egin duen argiztapenik onena.

      Telleriak diseinaturiko mugimendu garbi eta leunek oinarri klasiko nabarmena dute, baina EliralE-ren lengoaia koreografikoa guztiz garaikidea da, eta Arvo Part-en musika pausatu eta iradokitzailearekin batera atmosfera oniriko batean murgiltzen gaituzte, batzutan baretasuna eta beste batzuetan artega sortuz. Hiru dantzarien artean elkarreragin, interferentzia eta kontrastez egindako sare aberatsa ehuntzen dute, sentsibilitate handiko sormen-jolas delikatuan.

      Programako bigarren zatia Lauki deitzen da, eta honetan Ullaren argiztapenak ez du hainbeste protagonismo hartzen, nahiz eta ezinbesteko elementua den piezaren osotasunean. Orain lau dantzariak bi neska eta bi mutil barruko arroparekin agertzen dira, eta piezaren erdian-edo jantziko dira. Soinu-banda Pascal Sevajols-en konposizio eder bat da sinfonia garaikide baten modukoa eta haren modulazioetara egokitzen dira lauen mugimendu leun eta pausatuak, edo kementsu eta bizi-biziak musika-pasarteen arabera, dantzarien gaitasunak proban jarri arte zenbait momentutan. Bai pieza honetan bai aurrekoan, argi geratu da bikaina dela Pantxika Telleriaren hizkera koreografikoa, guztiz berritzaile eta ezin pertsonalagoa izateaz gain, betiere dantza garaikidearen parametro zorrotzenen baitan. Emanaldia bukatu ostean Pantxikaren bila joan naiz bihotzez eskertzera lan hauek ekarri diguten gozamena.Beharbada horren kontrastean, txiki oso txiki geratu zait Marta Carrascoren konpainiak arratsaldean eman digun Ga-gà antzerki dantzatua. Izan ere, denbora gehienean pentsatu dut zortzi urteko haurrentzako ikuskizuna izan zitekeela, baina luzera bukaezinak, berbaldi zentzugabeek eta pasarte garratz batzuek kontrakoa iradokitzen dute.