Haluzinazioak
Agus Perez
Berria, 2005-07-01
Donostiako Antzerki Feria

Obrak eta konpainiak: Les diables noirs (Deabru Beltzak); Quijote! (Nucleo); Frijoles colorados (Teatro D'dos); Babia (Ertza).

      Donostiako Antzerki Ferian ikusitako azken lau lanak batzeko aproposa iruditu zait gaurko izenburua, era batean edo bestean haluzinazioekin lotu daitezkeelako guztiak.

      Deabru Beltzak taldeak Les diables noirs ikuskizuna aurkeztu zuen Kursaalen. Ikusmina nahiko handia zen, alde batetik beraiek eskuratu dutelako aurten lehen aldiz banatzen diren Victoria Eugenia sarietako bat, eta bestetik, aretorako egokitu dutelako beren kale-ikuskizunik ezagunena. Suposatzekoa denez, pirotekniaren erabilera murriztu egiten da areto batean, baina haren ordez bikaina da perkusioan hartu duten maila. Dena den, aktore-lana indartsuagoa izan zitekeen eta nabaria da dramaturgia arloaren eskastasuna.Jarraian ikusitako lana ÐQuijote! amaiera ezin hobea izan zen Feriaren lehen jardunaldirako. Nucleo konpainia italiar/argentinarra mundu erdian ibili da duela hamabost urte sortutako ikuskizun honekin, eta soberan bete zituen gure aurretiazko esperantza guztiak, On Kixotek baino askoz haluzinazio handiagoak plazaratuz gure begi aztoratuen aurrean. Segur aski Cervantesen liburuko pasarterik esanguratsuenak hartu dituzte oinarritzat eta haietariko batzuk erraz ezagutu genituen Insula Baratariarena, haize errotenaÉ baina, egia esan, hain era pertsonalean garatzen zituzten egoerak eta hainbeste elementu, ezuste eta irakurketa posible tartekatzen ziren gertakizun bakoitzean ezen gutxienekoa zen jatorrizko narrazioari jarraitzen ote zioten, geu ere leporaino murgilduta geundelako fantasiazko abentura ezinezkoen eremuan.Jakina, hori guztia ez da ezerezetik sortzen eta konpainiak maisuki baliatu zituen bere eskarmentu luzeko eskuan zeuden tanto guztiak: Horacio Czertoken dramaturgia trinkoa, guztiek zirku-tekniketan duten prestakuntza itzela, sua barra-barra, piroteknia indartsua, ekintza fisiko etengabea, irudimena gainezka eta traste zaharrekin egindako tramankulu mekaniko dibertigarriak. Emanaldia bukatutakoan lagun asko hurbildu ziren konpainiako kideak zoriontzera.Feriako bigarren eguna Frijoles colorados izenburuko lanarekin hasi da. Programazioan Kubako Teatro D'dos konpainia agertzen da, baina interesgarria da jakitea Portugalgo Antonio Revez aktorea ere tartean izan dela, bere hizkera suabea Deisy Sanchez eta Yakelin Yeraren doinu kubatarrarekin elkartzen. Hirurak bizi dira denbora eta espaziotik kanpo dagoen mundu haluzinagarri batean, ke artean beti, gose beti, XIX. mendetik eltzean dauden babarrunak noiz egosiko zain daudelako. Errealismo magikoaren estiloan koka daitekeen lan hau hiruzpalau elementu eszeniko sinplerekin garatzen da, baina argi erakutsi digu antzerki txiroaren ahalmena testu irudimentsu bat dagoenean eta aktore-prestakuntza sendoa denean.Azkenik, bigarrenez ikusi dut Ertza konpainiaren Babia ikuskizuna. Asier Zabaletak sortutako lan honetan ez da bera azaltzen agertokian, koreografo jardun duelako. Estreinaldian idatzi nuen bezala, ezagunak dira Maria Ibarretxeren eta Jorge Lastraren dantza-gaitasuna eta adierazkortasuna, baina Pilar Andresek eman zuen orduko sorpresa, gurean ezezagunagoa zelako; Iñigo Iraultza Garcia aktore-mundutik dator eta lauren artean gure nortasun ezkutuak aztertzen dituzte, produktu berezi, freskagarri, umoretsu eta biribil honen bidez.