Milek bat
Agus Perez
Berria, 2005-11-08
“Batek mila”

Ipuinen idazleak: Jean Barbier, Jean François Cerquand, Oxobi. Antzerki taldea: Theatre du rivage. Zuzendaritza: Pascale Daniel-Lacombe. Dantza taldea: Balet Biarritz Junior. Konpositoreak: Laurent Martin, Pascal Sangla. Abeslariak: Beñat Axiari. Eszenografia: Xabi Elizagarai, Lucia Herrero. Argiztapena: Richard Fano. Atrezzoa: Annie Onchalo. Lekua: Luhusoko Ikusgarri gela. Eguna: azaroak 5.

      Batek mila ikuskizunarekin Iparraldeko ikusle ez euskaldunak euskararen mundura hurbildu nahi izan du Euskal Kultur Erakundeak. Horretarako hainbat kultur eragile elkartu, proposamena bota eta baldintza batzuk ezarri zituen, haietariko nabariena izanik euskarak eta frantsesak elkarrekin ibili behar zutela emanaldian zehar. Hortik sortu zen euskal ipuin eta kondairen inguruko muntaia zabal hau.

      Beharbada ez mila, baina zalantzarik gabe kontu gehiegi elkartu nahi izan dira gauza bakar bat egiteko eta horrek asko zamatu du ikusgarriaren azken emaitza, batez ere kontuan izanda oso denbora laburra izan dutela prestaketarako eta lengoaia artistiko guztiz urrunduetatik zetozela muntaiari ekarpenak egin dizkioten partaideak.Gauzak horrela, Beñat Axiariren ahots inprobisatu eta ezin pertsonalagoak zabaltzen du emanaldia, eta bere presentzia ez eszenikoak kontraste sakona sortzen du Balet Biarritzen estetikarekin. Junior baletaren neskatila ikasleek Zinta Dantzan oinarritutako pasarte luze bat dantzatzen dute garai primitiboak gogoratzen dizkigun soinu-bandaren pean, eta jarraian euskal ipuinak, asmakizunak eta kondairak etorriko dira, bost multzotan, Junior baletaren agerpen laburragoak haien artean tartekatuta.Theatre du rivagek, aldiz, oso dramaturgia sormentsua baliatu du kontakizunei ekiteko, koadro bakoitzaren baitan multzoka agertzen baitira kondairak edo ipuinak, ez bata bestearen atzean logikak aginduko lukeen bezala baizik eta elkarrekin txertaturik, bizipenak gure oroimenean antolatzen diren erara. Horretarako eta bi orduko lanari erritmoa eta bizitasuna emateko, guztiz lagungarria da eremu eszenikoaren diseinua: itsasontzia, jauregia, uhartea edo etxola irudikatzeko egurrezko egitura zatikagarria eta mugikorra eratu dute, eta harekin zenbait une magiko lortzen dira, bereziki hirugarren koadroan, dekoratua biraka doanean, geldiro, giro misteriotsu batean murgilduta.Umore ukituak ere ez dira falta, hala ipuin batzuetatik datozenak ĞAnai biak: azkarra eta tentela, esate baterakoĞ nola dramaturgiatik eta atrezzotik sortzen direnak. Alde horretatik oso politak izan dira animalien irudikapenak, batez ere amuarrain miopearena. Baina umorea beste era batean ere sartu da, txantxa pare bat tartekatu baitituzte frantsesa ahoskatzean izandako trabatzeen kontura, eta hor gogoetarako beste gai pisutsu bat daukagu, Hegoaldekoak direlako aktore ia guztiak, proiektu honetarako ez dutelako topatu euskara eta frantsesa menperatzen dituen jende nahikorik. Azken gogoeta moduan, argi geratu da enkarguz sortutako lan luzeegi honetan nahiko bateraezinak izan direla elementu diferenteak, nahiz eta une batean edo bestean —Oxobiren Akelarre alegian, adibidez— nolabaiteko elkarketa harmoniatsua lortu den.