Asto pistan
Agus Perez
Berria, 2005-12-18
“Ongi ibili”

Egilea eta zuzendaria: Aitzpea Goenaga. Antzezleak: Loli Astoreka, Olatz Beobide, Miren Gojenola, Edi Naudo. Lekua: Donostiako Lugaritz aretoa. Eguna: Abenduaren 16a

      Autopistatik jarraitu beharrean asto pista batetik desbideratu dira Ongi ibili-ko hiru lagunak, baina taxia matxuratu egin zaie eta basoan galduta eman beharko dute gaua. Gertakizun sinple horrek denboraren etenaldi bat sortuko du eta egoeraren absurdoak bultzatuta aspaldiko kontu asko azaleratuko dira hiru emakumeen artean eta baso hartatik ez dira irtengo sartu diren bezala.

      Ene uste apalean, Aitzpea Goenagak idatzitako testua eredugarria da zenbait aldetatik: berez sinesteko zailak diren egoerak sinesgarri bihurtzen ditu, erritmo oso sostengatua dauka, ez da inoiz ere interesaren jaitsierarik antzematen, sorpresak eta gertakizun txikiak era naturalean tartekatzen dira eta haietatik behar den etekin dramatiko zehatza ateratzen du, efektismoetan jausi gabe. Gainera, oso euskara atsegina erabiltzen du, eroso-eroso senti gaitezen euskarazko antzezlan batean zuzentasunaren esparrutik irten gabe.Antzezlaneko lau pertsonaien nortasunak eta bilakaera funtsezko elementuak dira emanaldiaren interesa areagotzeko. Basoan galdutako hiru emakumeek bizitza arruntak dituzte, baina haietariko bakoitzak badu zerbait besteengandik bereizten duena eta egileak jakin izan du itxurazko normaltasun horretatik gogoetarako gai aberats asko ateratzen, apaltasun osoz eta ezertan ere luzatu gabe, jakin badakielako hobe dela benetako gai sakonak zirriborroan edo sujeritze mailan uztea gehiegi garatzea baino. Izan ere, ikusle argiak ez du sermoirik espero antzerkira doanean, baizik eta bere moduko pertsonaiek euren bizi-arazoei nola ekiten dieten ikustea, hortik aterako baitio antzerki emanaldiari probetxua.Dena den, ez pentsa inolaz ere emakume kontuak direla antzezlan honetako gai bakar edo nagusia. Batzuk bai, jakina, baina ez dakigula zergatik, ez ditugu emakumeen gai esklusibotzat sentitzen, eta dudarik gabe taxilari magrebtarra aitzakia bikaina da berez unibertsalak ziren kontuak are unibertsalago bihurtzeko. Sorpresaz beteriko pertsonaia horri esker emakumeen eta gizonaren arteko kontrastea, kulturen artekoa eta maila ekonomikoarena azaleratzen ditu, aurreikusteko zaila den izaera tarteko. Eremu eszenikoa naturalismoaren eta misterioaren arteko puntuan dago, nahiz eta nik basoko hotsak faltan bota ditudan, eta lau aktoreek primerako maila erakusten dute hala erregistro dramatikoan nola komikoan. Haietariko bakoitzak guztiz pertsonaia bizi, natural eta sinesgarria eraikitzen du eta nabaria da lauren arteko kimika, funtsezkoa dena lan gomendagarri honekin benetan gozatzeko.