Galdetu non, noiz edo nola
Agus Perez
Berria, 2005-12-21
“Henry Bengoa inventarium”

Egilea: Bernardo Atxaga. Sorkuntza eta interpretazioa: Kandido Uranga. Eszenografia: Joxean Jaramago. Argiztapena: Julen Zaballa. Lekua: Zeberioko Udal Ludoteka. Eguna: Abenduak 17.

      “Galde egidazue non, noiz edo nola, baina ez galdetu zergatik” esaten die Henry Bengoak Hamburgeko urruntasunetik atzean utzitako lagunei.

      Galdetu neuri ere non, noiz eta nola, baina ez galdetu zergatik, neuk ere ez dakidalako zergatik irten naizen etxeko berotasunetik larunbat arratsalde euritsuaren erdian, errepidea hartu eta Zeberioraino joateko ez bada, han eman behar duelako Kandido Urangak Henry Bengoa inventarium. Arratiatik doan errepidea atzean utzi eta mendi arteko bihurguneak argitzen dituzte furgonetako fokuek. Alboan dudan betiko lagunak “kamikazeak gara, gero!” dio, berak ere non, noiz eta nola ezagutzen dituelako baina zergatia, ordea, ez.

      Zeberio herri zoragarria da, mendi-auzo ugariz osatua, eta erdigunea ez da beste auzoetatik lar bereizten. Udaletxean farmazia eta kutxazain automatikoa dagoz eta aurreko ermita batean udal ludoteka atondu dute. Bertan dago antzezlea, bakardade handian, eta guri bihotzean krak bat sortu zaigu, ulertzen dugulako berak ere badakielako non, noiz eta nola gauzatu behar duen emanaldia, baina antzerkiarekiko grina horren zergatia ezin duelako bere buruari azaldu. Geuri gertatzen zaigun moduan.

      Ikusleak datozen bitartean, gogoan dut orain hamar urte ikusitako emanaldi bikain hura. Hika taldearen eszenaratzea zen, eta antzezleak Joseba Aierbe, Mikel Laskurain eta Miren Gojenola izan ziren. Egia esan, zail ikusten dut orduko mailari eustea, baina Kandidok ondotxo daki zeri egin behar dion aurre eta oso dramaturgia aberatsa prestatu du bere bakarrizketarako.

      Agertokiko albo batean atril bat jarri du, baina egiatan handik ez du ia berbarik egingo eszenaren erditik eta beste edozein puntutatik baizik, bere gizon-ahots lakarrarekin apainduz Atxagaren kontakizunaren inflexio puntuak, nahiz eta nik zehaztasun gehiago eskatuko niokeen ahoskatzerakoan. Soinu-bandaren girotze ahalmenari behar den beste garrantzia eman dio eta plano desberdinak sortzeko Henryren orri idatziak, lagunek bidalitako postalak eta irudi proiektatuak tartekatzen ditu, batez ere inbentarioaren zerrendak erakusteko, baina baita ere beste gauza batzuk irudikatzeko, hala nola poliziak egindako erretratu robota edota Hamburgeko portuan su emandako itsasontzia.

      Gauzak horrela, di-da batean pasatu zaizkigu minutuak, eta denbora batez Europa zeharkatzen duen trenean, Hamburgeko portu eta kaleetan eta ipuinetako Bagdad miresgarrian egon gara aulkitik mugitu barik. Ikusleek txalo beroekin eskertu dute bidaia eta, dena amaituta, zirimiri azpiko errepide ilunera bueltatu gara ostera ere.