Abentura zoragarria
Agus Perez
Berria, 2007-04-29
“Abentura antzokian”

Jatorrizko ideia eta koordinazioa: Lluis Pasqual. Zuzendariak: Hortzmuga taldea (A alfabetoa), Fernando Bernues (Denboraren museoa), Lluis Pasqual (Joneren ametsa). Lekua: Arriaga antzokia. Eguna: Apirilak 27.

      Abentura antzokian izenburupean hiru antzezlan labur ikusteko parada dugu Bilboko Arriaga antzokian maiatzaren 26ra arte. Lluis Pasqualek diseinatutako ekimen hau eskola-umeei zuzendua dago berez, baina ostiral eta larunbatetan publiko zabalarentzako emanaldiak daude, batzuk euskaraz eta beste batzuk erdaraz, eta nik zinez gomendatzen diot antzerkia maite duen edonori abentura zoragarri hau ez galtzeko.

      Hasiera batean Hortzmuga taldekoek hartuko gaituzte eta antzokira sartzeko gonbita egingo digute, Arriaga plazan paratu duten euritako beltzen eskultura ederraren azpitik. Antzokiko hallean eta eskailera nagusian garatzen den lehen ekintza honek ipuinen jauregi miresgarrian sartuko gaitu eta bertan garbi geratuko da talde bilbotarraren ideia jarioa eta gaitasun eszenikoa, bereziki Gabriel Ocinarena, Anizeto Alfabetoren rolean.

      Bigarren atalean agertokira eramango gaituzte, bertatik bertara ezagut dezagun han atondu duten Denboraren Museoa. Niri bereziki gustatu zait Fernando Bernuesek zuzendutako istorio hau, agian neuk ere oroitzapen asko lurperatu ditudalako ahanzturan galdutako Bilbo hartan. Baina kontakizuna mamitsua izateaz gain, argi dago efikazia handikoak direla Jose Ramon Soroiz, Santiago Antero (Txan magoa) eta Martin telesaileko Janis neskatoaren pertsonaiak. Gainera, forma aldetik begiratuta, aipamen berezia merezi dute Jose Ibarrolaren eszenografia onirikoak eta bideo-irudien erabilera interesgarriak.

      Magiarekin jarraitzeko, amesgaiztoen mundura eramango gaitu Lluis Pasqualek, besaulki patioan dagoen ohe erraldoia pirata itsasontzi bihurtuta. Amaierako ipuin honetan behin eta berriro agertuko da beldurraren pertsonaia antzokiko zenbait ate eta solairutatik, eta umeek piraten laguntzarekin hurbilarazi beharko dute egunsentia, gauaren iluna eta amesgaiztoak beren bizitzetatik uxatzeko.

      Ikusten denez, antzokia bera eta antzerkiaren magia dira abentura honen ardatz nagusiak. Testuak, beharbada, ez dira egoki-egokiak adin guztietako umeentzat, kasu batzuetan ume helduagoentzat diruditelako eta beste batzuetan ume txikien kontuak aipatzen dituztelako. Baina edozein modutan ere, ikusle txikiak zein helduak beti geratuko dira alderdi eszenikoen edertasunean harrapatuta. Alde horretatik, esan beharra dago hiru eremu eszenikoen diseinu landua, jantzien dotorezia, argien misterioa eta zuzenean jotako musika ezinbesteko elementuak izan direla proiektu original honen emaitza artistikoa bikaina izan dadin.