Eman Zesarri berea
Agus Perez
Berria, 2008-04-05
“Arrainen bazka”

Zuzendaritza eta eszenografia: Fernando Bernues. Antzezleak: Sara Cozar, Aitziber Garmendia, Jose Cruz Gurrutxaga, Asier Hernandez, Mikel Losada. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Apirilak 3.

      Eman Zesarri berea” esaten omen zen erromatarren artean, baina justizia itxurako esaerak ezkutuko esangura bat zeukan, alegia, edozein gauza izan zitekeela Zesarrena, berak hala nahi izanez gero. Kasualitatez edo, Tanttakak estreinatu berri duen antzezlaneko nagusia ere Zesar deitzen da.

      Javier de Dios Lopezek idatzitako Comida para peces-en exekutibo baten azpijokoak eta bere menpekoengan eragindako ondorioak deskribatzen dira, laztasun osoz eta batere kontzesiorik egin gabe. Ildo horretatik, taula gainean lan-bizitza arruntean maiz gertatzen diren zitalkeriak ikusiko ditugu eta berriz ere ikasiko dugu oso erraza baina arrisku handikoa dela enpresako nagusia baino burutsuagoa eta ondraduagoa izatea. Panorama osatzeko, gertaeren bilakaeran pisu berezia izango dute sistemak inposatutako beldurrak eta horrek piztu ohi dituen jokaera koldar eta maltzurrek.

      Fernando Bernuesek eremu eszeniko hotza diseinatu du berez gogorrak diren egoerak aztertzeko. Bost bulego-aulki beltz eta atzeko ispilua eta pantaila dira eszenografiaren apaingarri soilak, eta entzuten den musika bakarra Hasier Oleagaren bateriatik irtendako soinu ederrak dira. Estetika biluzi hori, baina, guztiz aproposa da gaiaren disekzio klinikorako eta lehen planora eramaten ditu bost antzezleen lana. Gauzak horrela, aukera paregabea izan dugu bost aktore gazte hauen interpretazioekin gozatzeko eta haietariko bakoitza bere baitako onena ematen ikusteko. Kasu batzuetan, gainera, orain arteko erregistro dramatikoago batean ikusi ditugu, eta hori eskertzekoa da, batez ere Aitziber Garmendiaren kasuan, orain arte kondenatua zirudielako ume edo gaztetxo rolak antzeztera.

      Antzezpenen kalitatea baloratzerakoan, argi esan behar dugu testua ez dela batere lagungarria, batez ere hasieran, drama oraindik garatze fasean dagoenean, nahiz eta jatorrizko obra Harkaitz Canok euskaratu duen, bere ohiko jakituriarekin. Izan ere, lehen zati horretan ugariak dira ekonomia eta aseguruen munduko hitz teknikoak eta, gure ohitura faltagatik, ez da samurra hain maila espezializatua duten elkarrizketak entzutea. Bestetik, ene uste apalean, enpresako nagusia izateko Losadak baino askoz itxura egokiagoa zuten Gurrutxagak edo Hernandezek, baina azken finean ideia hori neure irudikapen pertsonala baino ez da eta denek eutsi diote ederto beren pertsonaiari, bai bakarka bai dialogoetan, Alde horretatik, gainera, kontuan izan behar dugu lan honetako dramaturgia bereziak zenbait planotan banatzen dituela pertsonaien berbaldiak eta unez uneko barne kokapen horietan ere maila bikaina erakutsi dutela bostek.