Zuhaitza zutik da
Agus Perez
Berria, 2008-05-20
“Gernika”

Egilea: Fernando Arrabal. Euskaratzea: Allande Etxart, Margarita Rekalt. Zuzendaritza: Ramon Albistur. Eszenografia: Gonzalo Etxebarria. Perkusioa: Pierre Thibaud. Argiztapena: Zigor Gorostiola. Antzezleak: Ramon Albistur, Ane Zabala, Pierre Vissler, Renate Dregger. Lekua: Lesakako pilotalekua. Eguna: Maiatzak 17.

      Egunkari orri zimurtuek estaltzen dute eszenako behegaina, eta haien artean zumezko saski bat eta antzinako irrati handi bat ikusten dira, biak ala biak buruz behera, inguruko bonben eztandek iraulita. Esandako gauza xumeek ezin hobeto irudikatzen dute Gernikako bonbardaketaren eguna, eta balio sinboliko handikoak dira, frankisten prentsako gezurrek urte luzez estali zutelako beraiek egindako triskantza.

      Egunkari zimurtuen artetik, ordea, gizonezko bat agertuko da eta berari esker ezagutuko dugu han gertatutakoa. Bera bizirik irten da, baina emazteak zori okerragoa izan du, harrapatua geratu baita harrien artean. Planteamendu gordin horretatik abiatuta, balio unibertsaleko antzezlan bat idatzi zuen Fernando Arrabalek bere Parisko erbestealdi intelektualetik, eta behingoz benetako zentzua eman zion berak hainbatetan jorratutako absurduaren antzerkiari, bi protagonistek bizi duten egoera absurdua benetako gertakizunetan oinarrituz. Bestetik, jakin beharra dago euskarazko bertsio hau iaz sortu zela, zubereraz, eta oso fidela dela frantsesezko originalarekiko.

      Egileak berak idatzitakoari jarraiki, publikoak ahotsaren bidez ezagutuko du Liraren pertsonaia, eta Pantxorekin dituen solas arruntek kontrapuntu erdi irrigarria jartzen diote inguruko tragediari. Panorama osatzeko, Arrabal bera izan zitekeen idazle edo kazetari bat agertzen da behin edo behin, egun hartako gertaerekin liburu, film edo antzezlan bat idatzi nahian. Eta idazlearen figuraz gain, hitz egiten ez duten beste bi pertsonaia esanguratsuk zeharkatzen dute noizean behin eremua: presaka doan emakumeak ederki irudikatzen du herritar arrunten erresistentzia adoretsua; ofizial frankistak, aldiz, harropuzkeria erakutsi eta izua ekarriko dio Pantxori. Azkenik, eszenan dagoen beste elementu garrantzitsua bateria jolea da, haren lanaren bidez sortzen baitira suntsipenaren soinu ikaragarriak.

      Baina testuaren interesarekin batera txalotzekoa da antzezpen guztien maila bikaina, batez ere Pierre Vissler eta Ane Zabalari dagokienez. Izan ere, bien artean osatzen duten bikote eszenikoak gizatasun hunkigarria erakusten du tragediaren erdian. Gainera, beren arteko hitz samurren azpian beste sakontasun bat gordetzen da gehienetan eta horrek ere ikuslearen zirrara areagotzen du. Emazteak, adibidez, aldiro-aldiro galdegiten dio senarrari kanpoan so egin dezan, ea zuhaitza ere bota duten, eta senarrak beti esaten dio: “Ene muņu, zuhaitza xutik dun oraino”.