Patsa da bidea
Agus Perez
Berria, 2008-05-28
“Bota patsa!”

Egile eta antzezleak: Iker Galarza eta Joseba Usabiaga. Zuzendaritza: Alex Ezkurdia Lekua: Donostiako Lugaritz Kultur Etxea Eguna: Maiatzak 25

      Gimnasioan ikusten ditugun bi gizonak ez dira, hasiera batean, elkarren lagun, baina lagunak izatera iritsiko dira, kasualitateak eta bizitzak hala bultzatuta. Haietariko batek gaztea dirudi eta ongi entrenatuta dago: proiektu asko ditu esku artean, baina baliabide gutxi. Besteak, ordea, ez daki zer egin diruarekin, eta izerdia botatzea besterik ez zaio bururatu denbora emateko.

      Jatorrizko egoera horri etekin ederra atera diote obraren testuaren egileek eta, gidoilari finen antzera, umore txinparta ugariak txertatu dituzte dialogoetan. Benetako antzerki testuetan bezala, berriz, hezur eta haragizko pertsonaia maitagarriak eratu dituzte, beren sentimendu pertsonalak tantaka-tantaka azaleratuz eta bakoitzaren barne eboluzioa era sinesgarrian garatuz.

      Argumentuaren garapenerako guztiz egokia den eremu eszenikoan antzezle dihardute testuaren egileek, eta horrek ere asko laguntzen du emanaldia are gehiago borobiltzen. Gainera, kontuan izan behar dugu biak al biak eskarmentudunak direla hainbat telebista-saiotan eta aurreko beste antzezlan batean -Erreleboa, hura ere Txalok ekoiztua- elkarrekin aritu zirela, orain bezalako bikote komiko polita osatuz. Bestetik, eskertzeko modukoa da telebistako eskemetatik apur bat urrundu izana, benetako antzezpenean arreta jarriz.

 

      Euskararen erabilera

      Euskarari emandako tratamendua bitxia da, zinez, Tolosako hizkera jatorrean hitz egiten dutelako, baina erdarazko esamoldeak parra-parra tartekatuz eta horrek sortzen duen egoera barregurarako ispilu moduan erabiliz. Jokatzeko modu hori diskutigarria izan daiteke, baina ezin diogu testuari leporatu, egungo euskararen egoerari baizik. Amaitzeko, nik uste dut antzezlanak bukaera irekia eskatzen zuela eta az- ken eszenak zertxobait apaltzen duela emanaldiaren emaitza.