Oilo bat autoan
Agus Perez
Berria, 2017-03-15
“Kaput”

Konpainia: Ganso & Cia. Sorkuntza: Jimena Cavalletti, Gorka Ganso, Txefo Rodríguez. Zuzendaritza artistikoa: Gorka Ganso. Zuzendaria: Jimena Cavalletti. Musika: Carlos Herrero. Argiztapena: Milakamoon. Antzezleak: Gorka Ganso, Txefo Rodríguez. Lekua: Kultur Leioa aretoa. Eguna: Martxoak 12.

      Autoa geldirik dago ezerezaren erdian. Gidariak giltzari eman ematen dio, baina kea! Kea dario ihes-tutuari, lainotxo bat hasiera batean eta ke hodei trinkoak beranduago, baina autoak berdin jarraitzen du. Ez duela nahi, honaino ailegatu dela eta kito!

      Hori koloreko Renault 4 bat da Kaput ikuskizuneko protagonista, merezimendu osoz gainera, alde batetik garai bateko estetika xaloa ezin hobeto irudikatzen duelako —haren alboan Citroën 2 CV mitikoak sofistikatuegia dirudi— eta bestetik Ganso & Cia konpainiako kideek atarramentu ezin hobea atera diotelako: umeen zein helduen gozamenerako, bidaiarietako batek hamaika aldiz harrapatu ditu eskuak eta atzamarrak aurreko zein atzeko kapota kolpez zarratzean, patetikoak izan dira autoa biziberritzeko saialdi guztiak, autoari bultzaka aritu zaizkio bi lagun desesperatuak, elkarren kontra aritu ere —bat aurrealdetik eta bestea atzetik—, ura gehitzen saiatu dira, baina alferrik, maletategitik zientoka bidoi eta ur botila atera dituzten arren.

      Baina umorearen diseinua eta egikera orbangabeak izan badira ere, denak hartu du dentsitate berezia era sotil-sotilean ulertarazi digutenean bi koitadu haiek ez zeudela preseski turismo bidaia batean, inguruetako gerra eremuetatik ihesean baizik. Txalogarria benetan nola txertatu duten gure munduko egoera malapartatua umorezko ikuskizun batean, nola iradoki duten heriotzaren mehatxu hurbila beren largabistekin bonben eta tiro hotsen zarata entzun ditugunean, ikusmena eta entzumena nahasiz, halako horroreen aurrean gertatu behar den moduan.

      Ikusle helduok atoan ulertu dugu egoera, Jugoslavia ohiko leherketa programatua krudeltasun handiz burutu zenetik gero eta ezagunagoa egiten zaigulako, baina umeak horren salbu geratu dira, sortzaileen sentiberatasun eta abileziari esker. Hala ere, guraso batzuek zertaz hitz egitea edukiko dute beren seme-alabekin, seguru, haiek ere ez direlako memeloak, eta askotan guk baino gehiago dakitelako, edo jakin nahi dutelako.

      Baina aurrera egin du ikuskizunak, gaua heldu, zaintza-txandak antolatu eta loaren zein ametsaren irudikapenak miresgarriak egin zaizkigu. Zein gauza gutxirekin eta zein maisuki irudikatu duten guztia, eta zenbat eskertu dugun irudi proiektaturik erabili ez izana! Bakezaleon aspaldiko kontzeptua parafraseatuz, esan liteke irudi proiektatuen erabilera irudimenik gabeko sortzaileen azken baliabidea dela, eta lan honetan behintzat ez dugu irudimen faltarik ikusi.

      Eta umorea nagusitu da, umorea beste ezeren gainetik, umore ona, umore fina, umore samurra, bihotza hunkitzen duen horietakoa. Zerutik laguntza humanitarioa heldu zaie, oilo baten eran, eta berriz ere ikustekoa izan da oilo hipotetiko horri zenbat zuku eta zenbateko etekin atera dioten, oiloak arrautza bakarra errun duen arren. Azken finean, naturaren menpe geratu dira bi lagunak —hiru lagun, oiloarekin—, ekaitzak ekarritako urak autoa indarberritu eta itxaropena itzuliko dien arte. Lau dira orain lagunak.