Ahala eta nahia
Jaime Valverde
Gara, 2017-03-24
“Strip-tease”

Arriaga Antzokia, 2017-03-24. Zuzendariak: Jokin Oregi, Garbi Losada, Mireia Gabilondo eta Fernando Bernués.

      Loraldia jaialdiaren eskutik, lau zuzendarik pieza labur bana aurkeztu dute strip-tease ideiaren inguruan.

      Jokin Oregik aktoreen lan prekarietatea jarri du taula gainean. Strip-tease baten dantzaria aukeratzeko proba aitzakia hartuta, casting-etan ematen den botere erlazioaz mintzo zaigu, pertsonaia zein testu landuetan bermatuz.

      Garbi Losadak strip-tease historiko bat ekarri du teatrora; ustez “ezagutzen den lehenengo biluzte erreibindikatiboa.” Bi kontalari komiko, trikiti bat eta abeslari baten laguntzaz, Erdi Aroko Lady Godivaren kondaira eszenaratu dute.

      Ipuin usaina izan du halaber Fernando Bernuésen obratxoak, argazki zahar batean aurpegirik gabe agertzen zen emakume biluzi baten misterioa argitzen duena, publikoarentzat sorpresa bat gordeaz, Sara Cozarren xarma tarteko.

      Eta aipatuei baliorik kendu gabe, esan beharra dut bereziki liluratu nauela Mireia Gabilondoren zatiak; edo hobeto esanda, Telmo Irureta aktorearen antzezpen ikaragarriak. Ideia, berez, geniala da: ezagutzen ez dutenentzat, Irureta garun-paralisiak joa da eta bere gurpildun aulkian igotzen da taulara; bada, berari egotzi zaio strip-teasea egiteko ardura. Erronka miresgarri horretatik abiatuta ikuskizun txundigarri bat ikusi dugu, harridura, algara eta beroalditik igarota.

      Mugitzeko ezintasuna eszenako amu bihurtuta, Iruretak bere egoeraz egin du barre eta batez ere gure erruki paternalistaz. Normaltasunari oldartzen zaion gorputz hori urteetan ikusi dudan artefakto teatral indartsuena bihurtu du beste hiru aktoreren laguntzaz, ezkutatu edo isildu behar ei direnak aldarrikatuz. Pasadizo intimoak eta esperientzia sexualak partekatuz; elbarri, homosexual eta desiradun bezala agertuz, Iruretaren testigantza performatiboak eskemak birrindu eta indar politiko ikaragarria eskuratu du, gaitasun bereziak eta genero-disidentzia poetikoki aldarrikatzeko. Hori guztia, ez gaitezen ahaz, aktore aparta baten lanean bermatuta.