Tiramisu goxoa
Agus Perez
Berria, 2013-05-07
“Emaztegaiaren semea”

Zuzendaritza: Garbi Losada. Euskaratzea: Begoņa Losada. Antzezleak: Sara Cozar, Asier Hormaza, Iņake Irastorza, Mikel Laskurain, Kandido Uranga. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Maiatzak 4.

      Bizitza bezain mingotsa geratzen zaio tiramisu tarta sukaldariari, eta jatetxeko jabeari ere nahikoa mingostu zaio bizitza, lanak eta zorrek itota eta eguneroko arazoez inguratuta. Jende askoren ezaguna da El hijo de la novia film zoragarria (Argentina, 2001), eta oraingo honetan Ados Teatroa ausartu da haren egokitzapena gure eszenatokietara ekartzen, Emaztegaiaren semea izenburupean.

      Jakina denez, ez da erronka makala zineman ezagunak diren produktuak taula gainera ekartzea, eta barkatu maisulan hari produktu deitzeagatik. Are gehiago zinearen imitazio hutsa bilatzen denean, zazpigarren artearen kontrako lehian antzerkiak ez baitu inoiz edukiko hark baliatzen dituen errekurtso distiratsuak. Kasu honetan, ordea, hobeto atera da apustua, jatorrizko filmari ere antzerki-kutsu handia zeriolako, bai pertsonaien kopuru eta diseinuan bai beraien arteko dialogoetan.

      Gauzak horrela, errazagoa izan da antzerkirako egokitzapena, sakoneko planteamenduan behintzat, baina hala ere argi dago moldaketa lan bikaina egin dutela Jose Antonio Vitoriak eta Garbi Losadak giza panorama oparoa ganoraz laburbiltzeko eta bost aktorerekin gauzatzeko. Xede horri begira, etekin handia atera diote telefonoari —filmean ere oso presente zegoen Ricardo Darinen inguruan— eta, bestetik, Mikel Laskurainek hiru rol jokatu ditu, hiruretan ere bere dohain guztiak erakutsiz.

      Eszenaratzeari dagokionez, dekoratu itxuroso eta praktikoa paratu dute jatetxea irudikatzeko, betiere antzerki konbentzionalaren parametroetan, eta Xabi Lozanoren argiek nolabaiteko giro malenkoniatsua sortu dute noizbehinkako etenaldietan. Ordea, ekarpen hori faltan bota dut eszenen garapenean, argia ezinbesteko baliabidea baita emozioak bideratzerakoan. Bost aktoreek, berriz, txukuntasunez gorpuztu dituzte beren pertsonaiak, jakitun izanda oso rol goxoak zituztela esku artean eta haietariko batzuk —emaztegaiarena kasu— arrisku handikoak zirela, batez ere kontuan hartuta oso denbora gutxian eraiki behar dela haren nortasun maitagarria.

      Hala ere, tiramisu goxo honek tempoaren kudeaketan dauka bere ahulgunea, isilune esanguratsuak eta nolabaiteko patxada beharrezkoak direlako rol bakoitzak bere heldutasuna lor dezan. Ordea, ikusleak nekatzearen beldurrez edo, erritmo bizia hobetsi du zuzendariak, hautu horrekin jatorrizko lanaren dentsitatea erdi ahaztuta geratu den arren.