Antzerki politikoa
Agus Perez
Berria, 2013-05-11
“Kaka burutik behera”

Aktoreak: Ainhoa Juaniz, Javier Esteban, Isabel Azpirotz. Argiak, soinua eta proiekzioak: Xavier Maravi. Musika: Ainara eta J. Esteban, La jodedera. Lekua: Nafarroako Antzerki Eskola. Eguna: Maiatzak 9.

      Antzerki politikoa dabil egunotan Nafarroako hamaika herritatik, herriaren gozamenerako eta boterean daudenen bihozminerako. Normalean antzerki konpainiek edo antzerkigileek ekiten diote antzezlan berri bat plazaratzeari, zentzu politiko gehiago ala gutxiagorekin —gutxiagorekin ia beti, dena esan behar badugu—, baina kasu honetan EH Bildu koalizioaren ekimenez sortu da proposamena, Nafarroa zeharkatzen ari den krisi politikoa eta gizartea pairatzen ari den egoera ikusita.

      Ildo horretatik, kutsu erabat politizatua hartu du emanaldiak hasiera batean, mandatari frantziar eta espainolen diskurtsoaren hutsaltasuna erakutsiz eta Euskal Herriko koalizioaren aldarrikapenak nabarmenduz. Alta, ageriko ideia-erakustaldi hori laster amaitu da eta emanaldia Nafarroako errealitatea aztertzen hasi da, arloz arlo eta umorearen bidez. Xede horri begira, zenbait esketx dibertigarri prestatu dituzte taula gaineko hiru antzezleek, eta egun-egungoak diren gai asko aletu dituzte, orain parodia atsegina orain satira zorrotza baliatuz, eta zuku polita atera diete etxe-gabetzeen arazoari, osasungintzaren egoerari, CAN aferari, Baluarte auditorio handinahiari, baskoen kontrako fobia hauspotuari eta beste hainbeste konturi.

      Hizkuntzaren trataerari dagokionez, gaztelaniak hartu du protagonismoa esketx gehienetan, baina euskarak presentzia nabarmena eduki du haietariko batzuetan, haien arteko tarteetan eta ikusleekiko harremanetan, aldaketa politiko eta soziala aldarrikatzen duen lan batean ezinbestekoa zen bezala.

      Eremu eszenikoak ere aipamen berezia merezi du: eszenan agertu diren mahaiak, aulkiak eta bestelako elementuak kartoi hutsez eta irudimen handiz eginak izan dira, eta unean uneko lekuak irudikatzeko —banketxeak, osasun etxeak, gobernuko aretoak...— proiekzioak baliatu dituzte. Bide horretatik, oso estilo inprobisatu eta freskoa hartu du denak, aldarrikapen politiko herrikoiei eta antzerki matxinoari dagozkien bezala, baina horrek ez du eragotzi amaiera aldera bi alegoria eder aurkeztu izana: haietariko batean langabetu batek lantegi bateko txakur zaindari lana onartzen du, eta bestean herri elkartuaren indarra irudikatzen da, grabitateari eta indibidualismoaren gaitzari desafio eginez. Ikusleek biziki eskertu dute hiru antzezleen prestutasuna eta denok irten gara aretotik ekitaldi terapeutiko batean parte hartu izanaren pozarekin.