Suizidio lantegia
Agus Perez
Berria, 2014-06-24
“Barre, buruaz beste egiteko”

Egilea: Borja Ortiz de Gondra. Euskarazko bertsioa: Ainara Ortega. Antzezleak: Xabi Donosti, Garbiñe Insausti eta Iñake Irastorza. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Ekainak 20.

      Komedia adimendun baten euskarazko bertsioa estreinatu berri du Vaiven ekoizpen etxeak, eta hori esatea ez da gutxi, kontuan izanda antzerkiaren kategoria horretan urriak direla duintasunaren parametroak erraz gainditzen dituztenak.

      Borja Ortiz de Gondraren testu batean oinarrituta, suizidioaren gaia dago egoera komikoen atzealdean, argumentuko muinean giza harreman korapilatsuak dauden arren. Inondik ere, gai delikatua da buruaz beste egitearena, baina egileak jakin izan du kontuari neurria hartzen, eta gaur egun ematen ez zaion normaltasunetik tratatu du, gure gizarteak dituen gaitz estrukturalak ere —etxe eta lan kaleratzeak kasu— beste zio pertsonalago batzuen artean integratuz.

      Nik behintzat eskertu izan dut gaiaren tratamendu normalizatu eta, aldi berean, gizatiar hori —adibidez, ingurukoei eragindako minak bere pisua du argumentuaren garapenean—, zeren eta, askotan, gure komedia arinetan badirudi nahita saihesten direla kontu politikoak eta bestelako gai delikatuak, ikusleak umetxoen pare tratatzearen ondorioz. Ordea, normaltasunaren abiapuntu horretatik nahiko argumentu sormentsua garatu du egileak, hiru pertsonaia nagusiak egoera absurduen zurrunbiloan sartuta, eta zentzuzko tentsio igoerari amaiera arte eutsita.

      Suizidio lantegia irudikatzen duen dekoratuak estetika industrial interesgarria erakutsi du, eta bidea erraztu dio dramaturgiaren dinamismoari. Bestetik, txukun aritu dira hiru antzezleak Iñaki Rekarteren zuzendaritzapean, euren arteko kimika ona baliatuta eta esku artean zuten testuaren balioez jakitun. Kontrako platerean, aldiz, argi dago gehiago landu zitezkeela bai ahotsen proiekzioa eta baita ahoskeraren garbitasuna ere, antzoki batean zaindu beharreko arloak baitira. Bestela, proiekzio sendo eta ahoskera garbiaren ezean, erdibituta sentitzen da ikusleen gogoa, dialogoak entzuteko ahaleginetan sartuta eta barreak gustura botatzekotan aldi berean.

      Izan ere, ez da gauza bera antzerkian eta telebistan jardutea, baina hori beste sagardoko upela da eta datorren mendean helduko dio gaiari munduko Arte Eszenikoen Goi Eskola berantiarrenak. Bitartean, goza dezagun umore beltzeko komedia honetaz, geure buruaz beste egin beharrean.