Lekuz lekuren X. urtemugan
Agus Perez
Berria, 2014-07-01

 

      Aurtengo edizioarekin bete da Lekuz leku jaialdiaren X. urtemuga. La Fundicion areto historikoaren ekimenez jaio zen jaialdia, eta udako lehen egunak baliatuta, kaleko ikusleek dantza pieza labur batzuk ikusteko aukera polita dute.

      Jaialdiak hasieratik hartu zuen Guggenheim museotik Euskalduna jauregira doan itsasadarraren alboko eremua. Garai bateko bilbotarrok Ingelesen zelaia deitzen genion leku horri, baina Bilbo berrituaren ikurrari Abandoibarra esaten diote orain eta, bere neutraltasun estetikoa gorabehera, bazter berezi batzuk eskaintzen ditu dantza emanaldiak aurkezteko.

      Egun bakoitzeko ekitaldiaren egitura apala bezain eraginkorra da: emanaldiak kokapen estrategikoetan gertatzen dira —Guggenheimen kanpoaldean, Deustuko zubiaren azpian, egurrezko kai artifizialean, Garrazaren kikara handietan...— eta globo altu batek gidatzen ditu ikusleak batetik bestera. Eszenaren inguruko moketa luzeek esertzera gonbidatzen gaituzte, eta gainontzeko guztia artisten eta publikoaren esku dago. Ez dakit nik zergatik, baina aurten bereziki adeitsua iruditu zait ikusleria, kale jaialdi askotan gertatu ohi diren gehiegikerietatik urrun —telefonoak, umeak beren kasa, zigarretak...—, eta jarrera hori eskertzeko modukoa da, doan ematen diren gauzetan ez baita beti erraza artisten lanarekiko errespetuzko jarrerak nagusitzea.

      Aurtengo programazioak bi egun hartu ditu, eta Euskal Herrikoak izan dira konpainia gehienak. Besteak Espainiatik, Herrialde Katalanetatik eta Mexikotik etorri dira, eta lanen erabateko kalitatea dudaz kanpo egon da kasu gehienetan. Lehen arratsean ikusitakoen artean Daniel Doña madrildarraren lan hipnotikoak bete-betean harrapatu gintuen bere estetika maskulinista gogor eta zehatzean, eta Cristian Martinekin dantzaturiko piezan agerian geratu zen menderatzaileen indar erakustaldiek menderatuengan duten eragina.

      Jarraian etorritako Lasala konpainiak (Euskal Herria) Donostiako Gazteszenan orain gutxi estreinatutako Hooked bikainaren bertsio laburtua eman zuen Guggenheimeko urmaelaren alboan, uretan eta zoriz pizten diren gasezko sugarren zarata itzelari aurre eginez. Horrek asko apaldu zuen piezaren benetako balioa, eta argi dago kokapen hori baztertu egin beharko dela datozen edizioetarako. Hala ere, zalantzarik gabe, Kukairen Gelajauziak heldu zen gailurrera. Cesc Gelabert handiarekin sortutako koreografia merezi duen bezala komentatuko dugu osorik ikusten dugunean, baina bitartean jakin dezagun euskal dantzaren berrasmatze bikaina egin dutela bai koreografoak eta baita dantzariek ere, eta ikusleek entusiasmoz txalotu zutela ekitaldi barruko etenaldi txikietan.

      Hurrengo arratsaldea euritan hasi zen, eta emanaldi guztiak Deustuko zubiaren azpialdera eraman zituzten, dantzarien atzealde ederra zubiaren oinarri sendoak eta bertako makineria erraldoiak osatzen zutela. Lehen emanaldi biak Euskal Herriko Organik eta Cielo Raso konpainienak izan ziren, eta prestakuntza fisiko harrigarria erakutsi zuten bietako dantzariek, batean aharien arteko borroken aitzakiaz, eta bestean Igor Calongeren unibertso pertsonala irudikatuz. Bigarren eguneko izarra Bartzelonatik etorritako Lali Ayguade eta Nicolas Ricchini izan ziren: Incognito pieza aurkeztu zuten, eta bien artean dantza erakustaldi gaindiezina eman zuten, giza burmuinaren misterioak eta bertako emozioak gorputz malgutasunaren eta itzelezko energiaren bidez adieraziz.