Beņat eta Telmo
Agus Perez
Berria, 2017-01-18
“Jainko basatia”

Egilea: Yasmina Reza. Euskaratzea: Martin Agirre. Zuzendaria: Begoņa Bilbao. Antzezleak: Andoni Agirregomezkorta, Tessa Andonegi, Aitziber Garmendia, Mikel Losada. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa. Eguna: Urtarrilak 15.

      B eņat eta Telmo umeak baino ez dira, aingerutxoak teorian, baina batek bestea jo du makil batekin, besteak txibato deitu ostean. Bien gurasoak elkartuko dira auziari irtenbide zibilizatua emateko, baina bilera hartatik aterako dena ez da haietariko inork espero zuena.

      Yasmina Reza idazle eta antzezle frantziarra dugu jostailu dramatiko honen egilea, eta berarena izan zen Txalo ekoizpen-etxeak 2006an ekarritako Artea gogoangarri hura ere, Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Asier Hormazaren esku egon zena. Jainko basatia deitu da estreinatu berri den oraingoa, jatorrizko Le dieu du carnage (Triskantzaren jainkoa) alboratuta eta gaztelaniazko izenburuaren kopia zuzena eginez, baina beharbada egokiagoa eta guzti irudi lezake, batez ere kontuan izanda guraso askok beren seme-alaba jainkotuei ematen dieten lekua.

      Artea-n bezala, hasierako abiapuntua aitzakia baino ez da izan gizarte burgeseko kide tipikoen analisi umoretsua egiteko eta giza harremanen gaineko gogoeta egiteko. Ez da gutxi, batzuetan ikusten ditugun komedia hutsalekin alderatuz gero, eta beti dira eskertzekoak europar egile garaikideak euskararen eremura ekartzeko ahaleginak, batez ere produktu duinen bidez erakartzen direlako publiko orokorrak antzokietara. Bide batez esanda, antzokia beteta zegoen azken lerroraino.

      Estilo komertzialeko kartelak azaltzen digunez, lau antzezle ezagunek eman diete bizia hasieran eztabaidan eta gero elkarri mokoka egon diren gurasoei, baina ez pentsa bikoteka ibili direla denbora guztian, argumentuak erloju-bonba baten antzera funtzionatu baitu eta une batetik aurrera bikote bakoitzaren trapu zikinak ere azaleratu baitira, betiere umore handiz eta une barregarri asko sorraraziz.

      Egoerak eskatu bezala, dekoratu konbentzional baina txukuna izan da lau antzezleen bilgunea, eta polito jardun dute haiek guztiek. Agian Andonegiren pertsonaiak kemen gehiago beharko luke, baina hori estreinaldi eguneko ahuleziatzat jo genezake, denbora garrenean seguruenik konponduko dena; Agirregomezkorta, berriz, eroso ibili da gizon patxadatsuaren rolean, eta Losada efikazia eszenikoaren jabe agertu da, bere betiko sendotasunean bermatuta. Azkenik, Garmendia izan da izar nagusia, aberasgarria egin zaigu bere pertsonaiaren bilakaera eta nik esango nuke bikaintasunera heldu dela mozkorraldi ederraren interpretazioan.