Itzala, haragia eta basa
Jaime Valverde
Gara, 2017-02-02
“Atte hil aurretik”

Leioa, 2017-02-02. Beheko Larraine. Aktorea eta idazlea: Miren Tirapu. Zuzendaritza: Maika Etxekopar.

      Miren Tirapu eta Maika Etxekopar elkarrekin ikusi genituen “Hamlet” antzezpenean duela lau urte. Orain antzeztalde berri baten izenpean etorri dira Leioako Kultur Maratillara, bata aktore eta bestea zuzendari zereginetan.

      Eskaini duten sorkuntzan hiru pertsonaia jokatzen ditu Tirapuk: harakina den neska gaztea; hila duen amona eta agure karrankari eta misteriotsu bat. Zaila da lan bitxi hau genero bakar batean kokatzea zenbait tonu eta joera dramatiko nahasten dituelako. Klownera jotzen duten eszenak; drama familiar baten kontaketa, deskubrimenduz deskubrimendu; momentu sinbolikoak, kutsu fisiko handiarekin eta esanahi uherrekoak; eta horiek guztiak, erritmo aldaketa nabariez antolatuta.

      Ikuslearekin oso exijentea den obra ausart honetan, badira animaliatasunari erreferentzia egiten dioten zantzuak; ukitu eskatologiko eta groteskoak; azalaren sentsazioak piztu nahi dituzten jolasak; ihauteri-sinbologiaren aipamenak; emakumetasunetik mintzo den ezinegon galdekatzaile bat eta mundu sinboliko uher eta durduzagarria.

      Horrez gain, nabarmenduko nuke haragiz eginda dirudien munstro itxurako panpina, eszenaratze osoaren sen asaldagarria indartzen duena, eta batez ere, Miren Tirapuk egiten duen gorputz-lan bikaina hiru pertsonaiei bizitza emateko.