Tabernariaren malenkonia
Agus Perez
Berria, 2018-04-28
“Tabernaria”

Egilea: Patxo Telleria. Antzezlea: Mikel Martinez. Ekoizpena: Tartean teatroa eta Loraldia jaialdia. Lekua: Bilboko Bira kultur-gunea. Eguna: Apirilak 26.

      Malenkoniatsu dabil tabernaria. Hainbeste kontu ditu guri esateko…! Gaurko eguna berezia du bere bizitza profesionalean eta, tabernako uniforme dotorea eta amantala jantzita, prest dago bere ohiko bezeroei opari bat egiteko. Berari ere oparitu dizkiote loreak, baina lore-sorta horretarako beste destino bat dauka, eta ez dakigu azkenean ausartuko ote den bere asmo sekretuari bidea ematen. Lore horiek direlako erabateko hondoratzetik salbatuko duten bakarrak.

      Uste dugun baino lasterrago izango dugu tabernariaren patuaren berri, aktoreak antzezten duen testuak atzezkoz aurrera doalako, ez hitzez hitz, atalka baizik. Horrela izanik, tabernariak gaur botako digun diskurtsoaren azken esapidea izango da lehena, eta normalean lehena izaten dena, azkena. Patxo Telleriak hitzekin jolasteko duen abileziak sortu du azpi-izenburu aldrebestua ere —Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña— eta hori berori izango da gure zerbitzari erdi tristatu erdi ironikoak gaualdi honetan oparituko diguna: bere tabernari-bizitzan pilatutako jakituria, zerbeza bat ondo botatzeko metodoan biltzen dena.

      Eta egin egingo du, alderantzizko denboraren igarotze horretan murgilduta, non lore-sorta haren amaiera loreak tabernara ailegatu baino lehen jakingo dugun eta garagardoak edalontzian utzitako azken aztarnak bitsak gainezka egin aurretik ikusiko ditugun. Nahi gabe balitz bezala, zerbitzari edadetuak ez digu bakarrik Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña haiek oparituko, haiekin batera beste kontu asko etorriko baitira: turismo masifikatuaren ondorioei buruzko gogoeta fina, neoliberalismoak eta lukurreriak ekarritako lanpostuen galera, aro berriek ezabatu duten denboraren kudeaketa gizatiarra… Haien guztien atzean “urte horietan guztietan zoriontsu izateaz gogoratu ez den” pertsonaia deskubrituko dugu. Hori berori da bere bizitzako amodioa ustez aurkitu duena, bere balizko maiteari deklaratzen inoiz ausartu ez den arren.

      Gehienetan, tabernako bezeroengandik hurbil ibili da bizitza azkarreko zurrunbiloan bazter utzitako zerbitzaria, ia-ia solasaldi pribatuan haietariko batzuekin, baina beste batzuetan barraren atzean jardun du, kaña famatu hori ondo zerbitzatzeko azalpenak gogotsu ematen. Niri behintzat interes handia sortzen didate lekura ondo egokitzen diren lanek, eta Bira kultur-gunean izandako emanaldiak gogora ekarri dizkit aspaldiko beste lan batzuk —Kontrabaxua eta Denboraren korapiloak adibidez—, baina honako hau are gehiago heldu zitzaidan Loraldia jaialdian estreinatu zenean, Cafe Bar Bilbaok niretzat daukan balio sentimentala tarteko.