Itziar Elias: “Euskal Herrian gatazka armatuak utzi dituen min guztiak azaleratzen ditugu oholtza gainean”
Txabi Alvarado Bañares
aiaraldea.eus, 2018-04-20

      Bizimiñak ikuskizuneko sortzaile Itziar Elias (Azkoitia, 1980) aktoreak azaldu ditu musika, antzerkia eta marrazkigintza lanaren nondik-norakoak Apirilaren 20an Laudioko Laudioalde aretoan izango dira, 19:00etan.

 

      Musika, antzerkia eta marrazkigintza uztartu dituzue antzezlanean. Zer kontatu nahi izan duzue hiru diziplina horiek baliatuta?

      Performance moduko zerbait da. Aipatutako hiru esparru horiek uztartzen ditu: antzeztu bitartean Maddi Irazokik zuzenean margotzen dut eta Dani Irazokik musika jotzen du zuzenean. Euskal Herrian gatazka armatuak utzi dituen min guztiak azaleratzen ditugu oholtza gainean. Gai hori hartzen dugu epizentro moduan, min guztietan barrena bidaiatuaz. Ez da antzezlan bat, ez baitu hasiera bat, korapilo bat eta bukaera bat. Ez da istorio bat, istorio asko baizik, esketx txiki formatuan kontatuta.

      Hiru pertsonen bizitzaren testigantzak jasotzen ditugu. Walkman batean jarritako kasete batetik entzuten da euren ahotsa. Preso baten alaba da lehena, ETAren biktima baten semea bigarrena eta ETAko kide ohi bat, aldiz, hirugarrena. Euren bizi-esperientziak eta bizimiñak kontatzen dira audioetan.

      Nolakoa izan da obra osatzeko prozesua?

      Antzezlan honetan garrantzitsua izan da eginiko prozesua. Hainbat elkarrizketa egin ditugu, alde bateko eta bestekoekin, mugaren alde batean zein bestean. Jende asko ezagutu eta entzutea izan da prozesuaren zatirik garrantzitsuenetako bat.

      Argi geneukan gaia orokorrean hartu nahi genuela. Ez genuen zati edo alderdi batean geratu nahi, denena entzutearen garrantzian ibili gara, errespetuz betiere. Pertsonen istorioak entzutea, eta ez ideologiena. Bakoitza pertsonatik hartuta nola bizi izan duen gatazka, hori da guk lortu nahi genuena.

      Mina kontzeptu gisa landu duzue, beraz.

      Bai, mina pertsonatik entzun dugu. Dena albo batera utzi eta pertsonak ikusi ditugu. Argi ikusten genuen Euskal Herri txiki honetan etxe guztietako leihoetan zegoela gertaera bat, batzuk oso gertutik eta beste batzuk urrutiagotik, baina denek ezagutzen genuela norbait edo gertaera baten bat bizia genuela. Pertsona horren ideologia alde izan edo ez, pertsonaren istorioa entzun nahi genuen, hori azaleratzearen garrantzia nabarmenduaz. Hori izan da prozesuaren oinarria: elkarrizketa horiek batzea eta gure sentsazioak gehitzea, gure bizipenekin eta kultur-adierazpenekin batera.

      Gai arantzatsua da oso. Zer nolako harrera izan du lanak orain arte?

      Polita izan da, oso politak izan dira orain arte jaso izan ditugun erreakzioak. Jendea hunkitu egiten da, oso gurea den gaia delako, denok bizi izan duguna, alde batetik edo bestetik. Sarritan, bizi izan ez duen zati horrek hunkitzen du ikuslea gehiago.

      Badaude gauza deigarri asko. Maddik egiten duen margolana, adibidez, aldiro da ezberdina. Ez dut beti gauza bera margotzen, emanaldi bakoitzean dituen sentsazioen arabera aritzen da. Esan genezake antzezlana bera ezberdina dela herri bakoitzean.

      Antzezlanak oroimena jorratzen du, eta musikaren alorrean ere hori lantzen du, gure oroimenean dauden musika horiek oholtza gainera ekarriaz. Horrez gain, antzezlanerako espresuki sortutako konpozisioak ere daude.

      Aipatzekoa da baita ere batzuetan ikusleek esaten dutela oso gogorra dela taularatutakoa, guk gertutik bizi izan ditugunean halakoak. Ahaztu zaigunaren seinalea da hori. Gu bagenuen beharra gai honen inguruan hitz egiteko eta horretarako momentu polita zela ikusi genuen. Badago horretarako beharra, batzuetan oroimena manta-azpian sartu dugula dirudi eta.