Pantzo Hirigarai: “Berri bat aipatzean, ironia egin nahi nuke, baina ezin dut”
Joanes Etxebarria
Berria, 2012-03-04

      Irratia, antzerkia, eleberria, telebista. Alor askotan aritu da, baina beti ezaugarri bat nagusituz: umorea. Hainbeste, non zaila bilakatu zaion antzerki seriosak egitea.

      Pantzo Hirigarai (1957, Baigorri, Nafarroa Beherea) ezaguna da Nafarroa Beherean, baina hortik haratago ere bai. Azkenaldian, Kike Amonarrizekin alde guztietan dabil bere umorea hedatzen. Irulegiko Irratian, berriz, umorea bazter utzi du oraingoz.

 

      Zerk markatu zaitu gehienik Baigorritik?

      Kontzientzia hartu nuen, 14 edo 15 urte arte frantsesa bainintzen burutik zangoetara. Baigorrin ezagutu nituen eramaten ziren borrokak, horietan ari ziren gazteak; horiek dizkidate gure herriari eta euskaltasunari begiak ireki. Hori bihurgune inportanta izan da ene bidean. Gero, erran gabe doa atxikimendu itsua diodala Baigorriri. Ezin izanen nintzateke handik kanpo bizi.

      Hain eskualde euskaldunekoa izanik, nola izan daiteke diozun bezain frantsesa?

      Lehenik, frantses eskolaren eraginez, ikasketa guztiak eskola frantsesetan egin baititut. Beharbada, ene burasoen eraginez ere bai, haien belaunaldiko beste jende anitzentzat bezala beren burua euskaldun gisa agertzea gutitzea zela uste baitzuten. Belaunaldi horren gaitza hori izan da, frantses agertzeak eta hori aldarrikatzeak goratzen gintuela pentsatzea.

      Kontzientzia hartzearekin ez ote zinen beste herritarren kontra bezala agertu?

      Bai, batzuen alde izatea besteen kontra izatea zen. Baina banekien guk genuela arrazoia azkenean. Guretzat biziki zaila izan dena 1980ko hamarkada izan da, gogorki inarrosi baitzuen herria: Filipe Bidart sasitar, Christophe Isteque hil zen Angelun, Ramuntxo Arruiz hil zen ekintza baten ondotik, Popo Larre... Horren ondoan herriko jendeari buru egiteko eta herritarrei egin zuten hautua esplikatzea biziki zaila izan zen. Tentsioa izan genuen.

      Badituzu hainbat antzerki idatzirik, umorezkoak gehienak. Komediaren sailean kokatua izatea muga bat da?

      Muga bat da, bai. Hortik atera nahi nuke, baina badut kontratu moral bat Makea eta Armendaritzerekin, urtero antzerkiak idazten baitizkiet, eta horrek jadanik denboraren parte handi bat jaten dit. Azkenaldian, gainera, Kike Amonarrizekin Bidasoa Biga So ematen ari gara... ez dut denbora handirik atzematen. Gainera, batere umoretsua ez den antzerki bakarra, 40 urteak, taularatua izan ez den bakarra da. Bada denbora, baina bada beldurra ere, jendeak idurikatzen duenaren kontra joatearena.

      Irratian ere umorea landu duzu, baina orain lan seriosago bat betetzen duzu.

      Berri ofizialetan kokatua naiz. Nahi nuke umorea egin, baina aste osoan berriak aurkezten eta larunbatean umorez jorratzen banitu, sinesgarritasun pixka bat gal nezake horrekin. Ardura, berri bat aipatzen dudalarik, ironia egin nahi nuke, baina ezin dut, berri sailaren koadroan baita.

      Eta berriak ezin daitezke beste gisa batez aurkeztu, hain seriosa izan gabe?

      Hori beste lankideekin eztabaidatu behar litzateke. Nik uste posible litzatekeela, baina behar da biziki fina izan: aipatu berri ofiziala, baina piko bat botaz erraten denaz. Hori ildo editorial bat izan daiteke, baina hori ez dut nik erabakitzen, Euskal Irratiek baizik.

      Irratiak hautsak harrotzeko balio du edo hori ez da haren funtzioa?

      Haren funtzioa izan behar luke, baina ez dugu aski egiten. Lehenago, Gezurflash saioan, edo Xarlo Etxezaharretak egiten zuenarekin, gehiago egiten zen. Ene iduriko, ez gara aski kritikoak. Politikariak elkarrizketatzen ditugunean, iduri zait sobera leunak garela haiekin; ardura, jakinik ere ez dutela erraten dutena pentsatzen, ez gara menturatzen... eskas hori segur badela.

      Kike Amonarrizekin Bidasoa Biga So ikuskizunean ipar-hego estereotipoak aipatzen dituzue. Hori egitean ez ote dira estereotipoak azkartzen?

      Gaitzesten dira, irri egiten dugu estereotipo horietaz. Iduri zait argi dela horietaz trufatzen garela. Hegoaldekoez ditugun klixeak aipatzen ditudalarik, iduri zait errealitate baten erraile naizela, besterik ez.

      Baigorrirekin hasi dugu elkarrizketa. Orain, aipa ezazu gaur eguneko Baigorri nola ikusten duzun, militantziaren ondorioz gauza batzuk aldatu baitira.

      Batzuetan biziki baikorra naiz, ikusten baitut Baigorrin egin den lana: Nafarroaren Eguna, Ikastola, Basaizea elkartearen dinamika... Baina ez dakit zein den indarrik handiena, hori edo parekoa. Frantsesak, euskaraz egiten ez dutenak, herrian sartzen dira, eta horrek kalte egiten du. Azken hauteskundeetan gauzak mugitu baldin badira ere, parean azkar dira. Dudan naiz zein indar den nagusituko.

      Aipatu dugu militantzia, aipatu dugu umorea... Militantzian umorea falta da?

      Parisek eta Madrilek sekula baino garbiago erakusten dute ez dutela deus egin nahi, presoek preso segituko dutela eta ez diotela ezagutza izpirik eman nahi gure eskualdeari, euskaltasuna azkarki mehatxatua dela Iparraldean. Zaila da horiek umorez aipatzea.