Ganbila bildumak “Esperoan” eta “Album” antzezlanak gehitu ditu bere sailera
Nagore Belastegi
Gara, 2022-12-16

      Samuel Becketten “Godoten esperoan” antzezlanak euskal antzerkian izan duen eragina aztertzen du “Esperoan” liburuak. Tartean, Karlos Linazasororen “Godotekin solasean” eta Samara Velteren “Eta Karmele?” jasotzen ditu. “Album”, berriz, Formol Laborategiaren sorkuntza da, belaunaldi bati begirada.

      Susa argitaletxearen Ganbila antzerki bildumak bi lan gehiago ditu, zenbait egileren artean egindako “Esperoan” eta Formol Laborategiaren “Album”.

      Lehena Samuel Backetten “Godoten esperoan” obratik sortu dute eta honek euskal teatro garaikidean zein eragin izan duen aztertzen dute. Horretarako, bi antzezlan, Karlos Linazasororen “Godotekin solasean” eta Samara Velteren “Karmele”, eta hainbat egileren artikuluak jaso dituzte.

      Piszifaktoriako kide diren Irati Agirreazkuenagak eta Mikel Ayllonek azaldu zutenez, euren artikuluaren asmoa Becketten eragina jasotzea zen. “Bera nor zen eta zergatik idatzi zuen idatzi zuena, eta zeintzuk izan ziren bere eraginak. Zergatik erabaki zuen idaztea bere obra nagusia frantsesez gero ingelesera itzultzeko. James Joycerekin izan zuen harremanaz ere aritzen gara. Beckett bilatzen saiatu gara euskal teatroan. Hark egindako lan tragikomiko gehienetan absurdoa agertzen da”, aipatu zuten aurkezpenean.

      Amancay Gaztañagak artikulua idazteko enkargua beldurrez jaso zuen, baina gero “erraz” idatzi zuela aitortu zuen, konturatu zelako zenbat edan duen haren lanetatik eta zein barneratuta duen teatro absurdoa.

      Bere testuan kritika bat egiten du. Izan ere, absurdoak euskal antzerkian hainbesteko lekua hartzen badu, zergatik programatzen da hain gutxi? “Becketten lanak hasieran kristoren kritika txarrak izan zituen, eta Euskal Herrian ere horrelako zerbait gertatzen da; ‘publikoa zaindu behar dut eta ulertzen diren gauzak bakarrik programatu behar ditut’”, esan zuen.

 

Belaunaldi baten erretratua

      Formol Laborategiko “Album” oraindik martxan dago, nahiz eta funtzio gutxi geratzen zaizkion. Liburua aurkeztu aurretik Durangon oso ondo saldu dela aipatu zuten, baita antzezlana ikusi ez dutenen artean ere. Ahoz aho zabaldu omen da.

      “Ilusio pila bat egin digu Ganbilan egoteak iritsi berriak garenez; erreferentziazko bilduma zen. Oso zaila da euskarazko antzezlanak formatu fisikoan jasotzea”, adierazi zuen Edurne Azkarate kideak. Liburuan, gidoiaz gain, sorkuntza prozesuaren berri ere eman nahi izan dute, baina ez modu akademikoan, baizik eta irakurlea bertan murgilduz. Horretarako erabili ez zituzten testuak edota erreferentziazko idazleak aipatu dituzte.

      Gainera, hitzik gabeko eszenak ahal bezala islatu dituzte. “Guk nahi genuen elementu plastikoak, sonoroak, denak gehitzea, eta gure erronka izan zen hori nola eraman liburura. Bide horretan Dani Fanok komikia egin du, Janire Arroyok ilustrazioak, Unai Belamik argazkiak, Nerea Ibarzabalek hitzak... ematen du guk ez dugula idatzi!”, gaineratu zuen Intza Alkainek.

      Mikel Ibargurenek esan zuen, antzezlanari ibilbide laburra geratzen bazaio ere, Lazkaon, Bilbon eta Urkabustaizen izango direla. Gainera, aurreratu zuen maiatzean antzezlanaren itxiera festa izango dela, baina ez zuen zehaztu non. “Formol estilora egingo dugu”.

      “Album” belaunaldien arteko irakurketa bat da. Egileek euren burua eta euren garaia ulertzeko saiakera bat egin dute; “oraindik hil ez den belaunaldi bati omenaldia da”. Liburuan QR kode bat dago eta irakurleek horren bidez iritzia ematea eskertuko luketela esan zuten.