Ahultasunaren hiltzailea
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe
Argia, 2022-12-18
“Antigone edo ezetzaren beharra”

Noiz: abenduaren 4an. Non: Sarobe antzokia (Urnieta). Gidoia: Sofokles, Jokin Zaitegi, Anouilh, Brecht, Zambrano eta Zizek-en testuetatik abiatutako idazketa kolektiboa. Sorkuntza: Horman Poster. Aktoreak: Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua, Matxalen de Pedro, Jon Ander Urresti. Zuzendaria: Igor de Quadra.

      Zenbateko pisua du boterearen erantzukizunak? Nork eta zergatik  hartzen ditu herri xeheari eragiten dioten erabakiak? Nola idazten dira ordena soziala finkatzen duten legeak? Noiz hartzen ditugu gure kontrara doazen jarrera eta bideak? Noiz arte? Sozialki baztertuak izateko eta legalki zigortuak izateko beldurrarekin bizi gara. Onartzearen edo ez onartzearen langan, obedientzia eta desobedientziaren arteko talkan.

      Egungo eztabaida bat dirudi eta bada, Horman Poster kolektiboak Antigone, ezetzaren beharra antzezlanarekin ekarri duena. Jatorriak, ordea, 2.500 urte ditu. Greziako antzerki klasikoan jarri dute hazia, bertako mitologiako Antigone eta bere familiaren historia kontatuz: Polinizes hilda dago erregearen aurka borroka egiteagatik eta bere arreba Antigonek duintasunez ehortzi nahi du, Creonte boteredunaren ezezkoaren aurrean. Ismenek, ahizpak, Estatuarekiko leialtasuna eta etikaren artean aukeratu behar du, herritar onaren edo herritar txarraren artean. Antzerkiaren historian bertsio gehien izan dituen antzezlana da, euskaraz eta 2022an ere zentzua hartu duena. Une batean, egun existitzen diren muga, lege edo aldarrikapenak aipatzen dituzte, eta bestela botereaz, legeaz, debekuez, mugez eta ausardiaz, desobedientziaz, arriskuaz eta duintasunaz aritzen dira. Eta traizioaz. Nor da traidorea?

      Gaia bezain interesgarria dute kontatzeko modua. Objektu berberen erabilera anitza, ordena eta desordena literalki eszenografian. Erritmo eta hizkera desberdinak lehengoaz eta oraingoaz hitz egiteko. Gorputzak eta gorpuzkerak. Eta koloreak: Greziara zuzenean garamatzan zuriaren presentzia eta gorriaren kontrastea, indarra, kemena eta ahultasuna nahasten dituena. Bizitza eta heriotza bat eginda, kontrastean. Antigoneren esentzia dauka antzezlanak: ausarta eta desobedientea. Erabat garaikidea da eta irudiak indar handia duena. 2021. urtean Donostia Antzerki Saria jaso zuen antzezlanak.

      Obra hau tragedia bat denez, garbi dugu pertsonaiek ezingo dutela patuaren aurka egin. Bakoitzak, ordea, erresistentzia egingo du sinesten duen hori defendatu nahian, baina galtzailerik egongo dela argi dago. Kontua da, zenbat modu dauden hiltzeko, bihotzak taupaka jarraitu arren.