Bidean utzitako arrastoa
Agus Perez
Berria, 2008-03-23

 

      Non nengoen ni orain dela hogeita bost urte? Dudarik gabe, nintzen bera naiz orain ere, baina bidean izandako gorabeherek beren eragina izan dute, orduko harekin ia zerikusirik ez duen beste bat sortu arte. Orain hogeita bost urte Tanttaka jaiotzen zegoen, euskal antzerki garaikidearen garai heroikoetan, baina harrez geroztik gauza asko aldatu dira, bai gizartean bai antzerkian eta, zelan ez, gutariko bakoitzarengan. Azken finean, kontua zera da: bidean eta ingurukoengan utzitako arrastoa ahalik eta onena izatea, ahalik eta lagungarriena besteentzat, mundu honetako ibilbide zailean.

      Nik betidanik uste izan dut antzerkiak bizitza interpretatzeko erremintak ematen dizkigula, eta uste horretan, jakina, ez naiz ez lehena ez bakarra. Antzinatasunetik gure denboretaraino antzerki emanaldi sendo batera hurbiltzen dena indarberrituta irtengo da emanalditik, edo beharbada kezkatuta, agertokian planteatutakoak kontraesan berriak ekarri dizkiolako. Ene uste apalean horixe da arte zahar honek gure mendean irauteko duen arma nagusia -jendearen ariman eragiteko ahalmena, alegia-, baina horretarako indar sortzaile asko elkartu behar dira norabide berean. Askotan, indar batuketa horrek asko zailtzen du azken emaitza, baina dena ondo ateratzen denean, harrigarria da antzerkiaren handitasuna.

      Esandako premisetatik abiatuta, denetarik aurkituko dugu Tanttakaren ibilbidean, ahazteko moduko gauza batzuk barne, baina gehienetan gurean garai batean ezohikoa zen kalitatea nagusitzen da, konpainiaren ezaugarri nagusia bihurtu arte. Hala ere, argi dago une jakin batean (1996an) El florido pensil-ek eta Tanttakak elkar aurkitu zutela, eta antzezlanak izandako emanaldi kopuru itzela laguntza handikoa izango zela konpainiaren hurrengo ekoizpenetan. Antzerkiaren fenomeno hura, ordea, ez zen ezerezetik sortu, aurretiaz ere gure gizartearen kezkak eta gure garaiko testuak eszenaratuak zituelako konpainiak, eta daborduko Euskal Herriko antzezlerik ezagunenak -eta askotan onenak- ibiliak zirelako konpainiaren muntaietan.

      Geroago, denon gogoan dauden beste muntaia batzuk etorriko ziren, hala nola Ozeanoko pianista, 1937: gogoaren bidezidorretatik, Ekaitz txorien eskua, Mi suicidio, Tramankuluak, Ezezaguna helbide honetan eta Emakumeak izarapean, duela gutxi Donostia Antzerki Saria jaso duena. Hain zuzen ere, saria erabakitzeko bileran nire baitako gogoeta hauek baliatu nituen: “Sari hau ematean kontuan izan behar dugu zer ari garen saritzen, eta beharbada aurten ez dugu esperimentazioa edo oso proposamen aurreratu bat sarituko: izan ere, saritzen ari garena ondo egindako antzerkia da, eta harekin batera lanaren sendotasuna, testu, eszenografia eta antzezpenen aldetik”. Azken finean, nik uste dut hori berori dela euskal antzerkiak gehien behar duena bizirik irauteko, zaletasun zabalagoak bilatzeko eta etorkizunean bide berriak urratzeko.