Emilio Sagiren aroa
Agus Perez
Berria, 2008-06-11

 

      Pasa den astean aurkeztu du Bilboko Arriaga antzokiak datozen hamabi hilabeteetarako programazioa, eta harekin batera zuzendari artistiko berria ezagutzeko abagunea izan dugu.

      Urtarrilean jakin zenez, Emilio Sagi asturiarrak hartu du azken urteotan Lluis Pasqualek izandako ardura, nahiz eta bien betebeharrak berdin-berdinak ez diren, karguaren diseinuan izandako aldaketa txikiak direla medio: Sagik zuzendari alboko bat izango du eta, bestetik, desagertu omen da Pasqualek zeukan bigarren funtzioa, aholkulari izatearena alegia, segur aski inork ez dakielako zein zeregin zehatz betetzen duen zuzendaria den aholkulari batek, bere buruari aholkuak ematea ez bada.

      Bien aurkezpen-hitzaldiak entzun ostean, argi geratu da zuzendari berriak aro berri bat ezarri nahi duela antzokiaren bizitzan, eta bere esku dagoen guztia jarriko duela horren alde. Izan ere, Pasqualen proiektu ia bakarra berak zuzenduko zuen ekoizpen erraldoi bikoitza zen -Shakespeareren Hamlet eta La tempestad-, eta horretarako emandako arrazoia -gure inguruko biolentzia egoera- benetan eskasa iruditu zitzaidan. Antzokiak, bitartean, betiko legez jarraitu du, bere programazio egonkorra konpainia ezagun eta handietan oinarrituz eta Pasqualen hasierako ateraldiei kasu lar egin barik.

      Sagik proposatutakoa aztertzen hasiz gero, deigarria da operari eta zartzuelari emandako garrantzia. Bere ibilbide profesionala ikusita, ordea, ez da hain harritzekoa, kontuan hartzen badugu Madrilgo antzoki liriko biak zuzendu dituela, lirika zuzendaria izateaz gain. Beraz, bere hitzaldiaren erdia-edo operak eta zartzuelak bete zuten, eta haiekin batera ugariak izan ziren OLBEri buruzko aipamenak. Arlo horretako ekoizpenak, konpainiak eta zuzendariak aipatzean, berriz, argi geratu ziren bere kulturaren zabaltasuna eta bere pertsuasioaren estilo argi eta sendoa. Esate baterako, nik bereziki estimatu nion Europako hizkuntza nagusiak naturaltasun handiz ahoskatzea, baina horrexegatik ez nuen ulertu Kataluniako antzoki eta izen propioak behin eta berriro gaztelania perfektuan esan izana. Egunen batean galdetuko diot nondik datorkion zailtasun hori.

      Gure hizkuntza eta kultur produkzioarekiko, ordea, aurreko zuzendariek baino sentsibilitate gehiago erakutsi du daborduko. Antzerkiaren arloan, adibidez, Kukubiltxoren Haritzaren azalera zehatza ekarriko du azaroan eta Txaloren Ahuntza, edo Nor da Sylvia, datorren otsailean. Gainera, interesgarria iruditu zitzaidan berak aipatzea antzerki “konprometitua eta transzendentala” ekartzearen beharrizana. Dantza garaikidea den nire beste esparruan zaila zen orain arteko maila gainditzea, baina hala ere, konpainia erakargarri berriak ekarriko ditu -Aterballetto nagusiki- eta Arriagak Damian Muñozen ekoizpen bat eta guzti ekoiztuko du.