Batean ala bestean, derrigor kalean
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe
Argia, 2023-07-23
“Kale gorrian”

Konpainia: Barsanti. Aktoreak: Juanjo Otero, Aritza Rodriguez eta Pako Revueltas. Zuzendaria: Pako Revueltas. Noiz-non: Uztailaren 9an, Hondarribiako Arma plazan.

      Obra hau kalea hartu nahian sortu zuen Barsanti antzerki konpainiak. Izenburuak berak kale antzerkiari erreferentzia egiten diola interpreta daiteke, antzezlanak tratatzen duen gaiaren ondorioa, etxegabetzearena, adierazteaz gain. Batean ala bestean, derrigor, kalean.

      Antzokietarako ez da egokia, aipatu bezala, espresuki kalean delako ikusgarria eta hori bera azpimarratu nahi izan dute txaloak jaso eta agurtu osteko hizketaldian. Obra honekin kale antzerki onenaren Max sarietan finalista izatea lortu zuten gaztelerazko bertsioarekin, eta Leioako 2018ko Umore azokan aipamen berezia jasotzea ere bai. Euskal Herrian hain ohikoa ez den genero honi eutsita bi obra gehiago sortu dituzte gerora.

      Begoña eta Marino etxebizitza horretara joan ziren ezkonberritan, duela 40 urte. Orain, etxea uztera behartuta daude, bankuak etxegabetze agindua helarazi baitie. Polizia atean dute eta nork bere modura egingo du erresistentzia. Marinok ez du etxea uzteko asmorik eta Begoñak barruko guztia hartu nahi du, bankuari ezer ere ez uzteko.

      Gai oso aktuala, soziala eta kritikarako eta eraldaketarako paregabea iruditzen zait, bai eta kale antzerkiaren lengoaiari egokitzekoa ere. Etxea eta balkoia bera erabiltzen dituzte eszenatoki gisa eta horrek aberastu egiten du lana, errealistagoa eta ikusgarriagoa bilakatuta. Darabilten altuerak joko handia ematen du eta horretarako erabiltzen dituzten elementuak –sukaldeko gailu elektrikoak ezin hobeto aukeratu dituzte–. Publikoko edozein posiziotatik ikusten da eta hori oso erabaki inteligentea da.

      Kalera, beraz, ederki moldatu dira. Umorea erabili dute, elementu eta espazio ugari, pertsonaia bereziak… Estimulu asko egon daitezkeen eremu bat konkistatzea ez da erraza izaten eta horregatik etengabeko estimulu propioak sortu dituzte antzezlanean bertan, kanpora begiratzeko tarterik utzi gabe. Era berean, publikoarekin harremana ezinbestekoa da eta hori ere haien alde erabili dute pertsonaia aktibo gisa tratatuz. Ikuslea manifestaria da, Marino eta Begoñaren alde dagoen ekintzailea, etxegabetzea gelditzera hurbildu dena. Publikoaren parte hartzea bultzatzen dute, baita arazoaren parte bilakatu eta konplize bihurtu ere. Berriro ere, kale antzerkiaren eta kritika sozialaren helburuak bateratzen dituzte.

     Antzezlanak primerako osagaiak ditu errezeta on baterako. Dena den, gordinik bazkaldu dudanaren sentsazioa dut. Gaia bera oinarria eta helburua ez denean, aitzakia eta haria baino ez, zaporea galtzen du. Une batean aipatzen dute semeak utzitako zorrak eraman dituela etxegabetzera, eta barre egitera bideratzen dute ikuslea. Konpartitzen dut umorearen aukera, baina horrek ez du gaia testuinguru gisa soilik erabiltzearen eta arazoa lausotzearen erantzukizunetik aldentzen. Etxebizitzaren arazoa desbideratu eta pertsona orok aterpea izateko dugun eskubidearen afera bazter uzten dute. Era berean, nostalgiak eta maitasunak berebiziko indarra hartzen dute eta garrantzitsua izan arren, arazotik aldentzen gaitu berriro, elkarrekiko aprezioak guztia gaindituko balu gisan. Helburu desberdinak ditugu akaso.