Gure salbatzaileak
Agus Perez
ehaze.eus, 2023-09-21
“Troia”

Konpainia: Kamikaz kolektiboa. Antzezleak: Iraia Elias, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola. Lekua: Durangoko Aurora Abasolo parkea. Eguna: Abuztuak 6.

      Udako programazioan kale-antzerkia izaten da nagusi, eta abuztuaren lehen igandean Kamikaz kolektiboaren azken sorkuntzaz gozatu dugu Durangoko Aurora Abasolo parke lasaian, bertako aulki tolesgarri guztiak beteta zeudela, herria nabarmen hutsik egon arren. 
 Egurrezko kutxa batek presiditu du eremu eszenikoa —egia esan, ez da beste elementurik existitu emanaldian zehar—, eta bere kolore berdearen gainean hori koloreko oharpen-hirukiek era guztietako arriskuez ohartarazten zituzten ikusleak. Hiru super heroiak agertu direnean hartu du kutxa misteriotsuak bere zentzua, haren inguruan ibili direlako hirurak, zein baino zein ausartago, zein baino zein ahoberoago herriak jasan zitzakeen kalte kosmikoez babestera haiek etorriak zirela azalduz.

      Komiki eta filmetako fantasiazko pertsonaien satiratzat jo daitekeen dibertimentu honetan ahalik eta nortasun muturrekoena hartu du haietariko bakoitzak, hiru heroiren artean ahalik eta distantziarik handiena ezartzen. Antzinarora joan dira lehen pertsonaiaren bila, eta garai hartako Akiles Pakiles izenarekin antzeztu du Gaztañagak; etorkizunetik heldu zaigu bigarrena —Monika—, Erika Olaizolaren itxura zibernetikoan; eta hirugarrena orainean kokatu da, baina munduko beste muturretik etorrita, Ekialde Urrunekoa izan delako Iraia Eliasek jokatu duen Azeri Buztan izeneko aztia.

      Super-heroien molde ezagunei jarraituz, haietariko bakoitzak botere bereziak eduki ditu eta, aldi berean, ahulgune hilgarri bana izan dute. Bide batez, bitxia da Homeroren heroiak ere bere ahulgunea zeukala pentsatzea —orpo zaurgarria haren kasuan, kriptonita Supermanenean— eta gaur egun ere super-heroien diseinuan egoten dela balizko ahulgune hori, unean uneko istorioei interesa gehitze aldera.

      Hasierako planteamendu horren ostean, argumentuak ez du garapen zehatzik izan, eta dena geratu da hiru protagonisten balizko super botereen esku, baina alde horretatik esan beharra dago oso gaitasun bereziak dauzkatela hirurek gorputz-jarreretan, presentzia eszenikoan, keinuetan eta ahotsetan. Zuzenean jaurtiriko soinu-efektu ugariek ere rol erabakigarria jokatu dute ekintza eszeniko txikien segidari estaldura eta distira emateko, eta ikusle helduekin zein umeekin izandako hartu-emana hurbila eta abegikorra izan da guztion gozamenerako.

      Zer esan, beraz, proposamen fresko eta ironiko honi buruz? Alde batetik, argi dago ez duela Kamikaz kolektiboaren aurreko lanaren maila bikainera iritsi —Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi deitu zen hura, eta orduan ere ohiko fikzioa ironiaz desmuntatzeari ekin zioten—, baina bitartean arratsalde gozoa pasa dugu umore inteligentean murgilduta eta kalitatezko antzezpenez gozatzen. Azken finean, Amancay Gaztañagak emanaldia amaitu ostean esan zigun bezala: “Zer egingo diogu, ba, pailazokeriak egitea gustatzen zaigu”.