Kontatzen segi behar dugulako
Iņigo Satrustegi
Argia, 2024-02-11
“Ezkaba 1938”

Konpainia: IIuna ekoizpenak. Noiz: Urtarrilaren 21ean. Non: Nafarroako Antzerki Eskolan (Iruñea).

      Batek pentsa lezake erraz erre daitezkeela gai baten inguruko kartutxoak ehunka antzezlan, narrazio, kanta eta film egin direnean dagoeneko. Baina Ezkabako presondegiari dagokionez, oraindik ere bada zer kontatu. Ilunako kideek Ezkaba izeneko antzezlana aurkeztu zuten iazko urte bukaeran eta hiru emanaldi eman berri dituzte Iruñeko Antzerki Eskolan. Baita aretoa goraino bete ere.

      Amari oihu eginez aurkeztu digute Manuel gaztea. Presondegian dagoela irudikatu dezakegu, horma gris zaharkitu hotzen artean ageri da, eta falangisten bortizkeriari negarrez erantzuten die. Manuel, 18 urteko gazte galiziarra, Ezkaba mendiko gotorlekuan daukate, aita iheslaria baita, eta atxilotu egin dutelako. Brigada bereko Chino preso komuna eta Julian CNTko preso politikoarekin partekatuko du ziega. Negua da eta hotza sartzen da leihotik. Jatekoa eskasa da. Denbora zimitzak hiltzen dituztela kontatu digu protagonistak. Guri eta amari.

      Tarteka amari mintzo zaio Manuel. Presondegiko kontuak kontatzen dizkio eta argi hori nostalgiko batek bustitzen du oholtza. Nostalgikoa da halaber Marta Juanizen galizieraren oihartzuna. Baina obra eta gai tristea izanagatik ere, Mikel Goikotxeandiaren pertsonaiak, Chino ijitoak, umorea baliatzen du egoera eramangarriago izan dadin. Hiruren arteko tirabirak eta bakoitzaren ibilbidea askatzen joango da obra. Kartzelako atrezzoa Galiziako herrixka bateko plaza eta Iruñeko karrikak ere badirela deskubrituko dugu. Baita Manuelek dituen ametsek eta agerkizunek zentzu bat ere badutela.

      Ihesaldiaren eguna heldu da. Zalantzati, 1938ko maiatzaren 22ko goizaldean, elkarrekin ihes egingo dute gure pertsonaiek baina nork bere helburua du: Manuelek Galiziara itzuli nahi du. Julianek, berriz, Iruñera, maitearekin elkartu nahi baitu. Maldan behera, sigi-saga, ilunpean, sastraken artetik. Zakurren zaunkak aditzen dira. Eta banantzea erabakitzen dute.

      Amaiera antzezlana bera baino tristeagoa dela ez da sekretu bat. Amari oihuka entzungo dugu berriz Manuel. Hasierara itzuli gara. Baina preso gaztea ezingo da bere herrira bueltatu.

      Batek pentsa lezake erraz erretzen direla Ezkabako espetxearen inguruko kartutxo guztiak. Baina gaur da eguna leku horrek “gotorleku” abizena baino ez duela. Ikur frankistaz josita dago oraindik ere, eta abandonatuta dago erabat. Beraz, Ezkabako ankerkeriaren memoria gune bihurtu bitartean, behintzat, Ezkaba laneko istorioak eta historia kontatzen segi behar dugu.