Ekintza politikoak
Agus Perez
Berria, 2024-02-11
“Putaren bakarrizketa eroetxean”

Egileak: Dario Fo, Franca Rame. Euskaratzea: Xabi Martinez de Lezea. Zuzendaritza: Ainara Gurrutxaga. Antzezlea: Laura Penagos. Lekua: Bilboko La Sinsorga tabernako aretoa. Eguna: Otsailak 8.

      Urtero lez, Lautan Hiru festibala daukagu Bilbon, aurten berritasun batzuekin datorrena. Alde batetik, bi antzezlan emango dira otsailaren ostegun bakoitzean —ez hiru, orain arte bezala—, baina haietariko gehienak ez dira labur-laburrak izango. Eta bestetik, aurten behintzat Askao kaleko La Sinsorga taberna gehitu zaio lau lokalen zerrendari, eta horrela ezagutu dugu goiko solairuan daukan areto txikia.

      Laura Penagos kolonbiar euskaldunduak han aurkeztu du Dario Foren eta Franca Rameren Putaren bakarrizketa eroetxean. Beharbada batzuentzat erdi ezezaguna da oraindik Penagosen izena, baina askok gogoratzen dugu Amancay Gaztañagaren zuzendaritzapean eta Ander Lipusekin batera egin zuen interpretazioa Atzerrian lurra garratz antzezlan eredugarrian.

      Oraingo honetan, bakarrik aritu da taula gainean, jatorrizko testuak hala eskatuta, eta, ikusleekiko hurbiltasuna lagun, antzezlearen dohain itzelez gozatzeko parada eduki dugu hasieratik bertatik eta bukatu arte. Jakina denez, testu hau Dario Fok eta Franca Ramek emakumeen hainbat egoerari eskainitako aro bati dagokio —La donna sola, Abbiamo tutte la stessa storia, Alice nel paese senza maraviglie...—, baina bikote italiarraren testuek ez dute batere gaurkotasunik galtzen, eta are gutxiago prostituzioaren gaiaren kasuan.

      Espero zenez, bikote artistikoak beren ohiko zorroztasunez ekin zion gaiari —nahiko ikuspegi kanonikotik, hala nahi izanez gero—, eta protagonistarengandik jasoko ditu ikusleak sexu-lanetatik bizi den emakumearen bizipenak. Printzipioz, era ez bereziki mingarrian, kontua berez mingarria den arren, nolabaiteko umorean bilduta baizik, baina gauzak beren izenengatik aipatuz eta gizon matxisten eta sistemaren jokabideak ahoan bilorik gabe seinalatuz.

      Penagosek, bitartean, bete-betean bereganatu du esku artean zeukan antzerki-oparia, eta Ainara Gurrutxagaren zuzendaritzapean ñabardurez beteriko pertsonaia eraiki du, batzuetan ikusleei zuzen hitz eginez eta beste batzuetan eroetxeko terapeutarekin izandako telefono bidezko solasaldietan. Bideo-kamera bat ere paratu dute gelako horma batean, eta horrek nolabaiteko klaustrofobia kutsua eman dio giroari, baina beste batzuetan proposamen lizunak eskaini dizkie gizonezko ikusleei, artistak parametroz aldatzeko dituen dohainen erakusgarri.

      Testuaren euskaratze fina Xabi Martinez de Lezearena izan da, eta Penagosek erabakimenez eta ahoskera zehatzez jantzi ditu esaldiak, haietariko bakoitza kemenez eta zentzuz hornituz eta emanaldia ekintza politiko bihurtuz. Ikusleek entusiasmoz txalotu dute lana, eta nik uste dut haietariko askok izar berri bat deskubritu dutela euskarazko antzerkiaren ortzian.