Munduaren nostalgia
Jaime Valverde
Gara, 2016-01-20
“Heroiak”

Arriaga Antzokia (Bilbo), 2016-01-20. Egilea: Gerald Sibleyras. Zuzendaria: Begoņa Bilbao Jejarzegi. Itzulpena: Maribi Arrieta eta Ramon Agirre. Aktoreak: Ramon Agirre, Kandido Uranga eta Jose Ramon Soroiz.

      Gure gizartean zahartzaroak ez ohi du arreta handirik erakarri; fokuak gaztetasunari begira egoten dira ia beti. Adinduen kalaka, gainera, aspergarritzat jotzen da. Botere guneetan daudenak kenduta, badirudi jende xeheari gero eta garrantzi gutxiagoko posizioa gordetzen diola gizarteak, urteak igaro ahala mundutik ateraz balihoaz bezala. Izan ere, zahar-egoitzek badute nolabaiteko linbo estatusa, gizartearen erritmo zoroaren eta heriotzaren erabateko etenaren artean kokatuta.

      Frantsesetik Txalo Produkzioak-ek ekarri duen testuak ordea, zahar-egoitza batera garamatza, hiru beteranoren mundu egonkor eta lasaian barneratzeko. Terraza eder batez gozatzen duten arren, egunak joan egunak etorri hirukoteak egoitzatik ateratzeko beharra sentitzen du. Baina beren esparru txiki eta baztertu horretatik benetako mundura jauzi egiterakoan beldurrak eta fobiak azaleratuko dira. Ukitu komikoen bidez, hiru pertsonaia samur eta erreal erakusten zaizkigu, gerra beteranoei suposatzen zaien gizontasun ortodoxoa kolokan jarrita, bidenabar.

      Muntai txukun honek mehetasun handiz kontatzen du hasiera batean dirudiena baino goibelagoa den istorio bat. Eta konflikto dramatikoari bultzada apur bat falta bazaio ere, ongi konpentsatuta dago hori hiru aktore eskarmentatuen lan distiratsuarekin.