antzezpen kritikak
< Munduaren nostalgia | Gerrak erdibituta >
Arriagako bi gelatxo
Agus Perez
Berria, 2016-01-15
“Letter: eskutitz baten bidaia” + “Malmö”

Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Egunak: Urtarrilak 7 eta 13.

      Aspaldian ekin zion Arriaga antzokiak Gelatxoak delako programari, formatu txiki eta ertaineko lanak eskaintzeko, batzuk antzokiko foyer-ean eta beste batzuk eszenatokian bertan —ikusleak antzezleengandik hurbil egonik—, eta urte hasiera honetan zirku eszeniko bat eta euskarazko antzezlan bat ekarri dituzte.

      Malas compañias taldeko kideek —Diego Aimar, Mikel Pikaza eta Aritza Rodriguez— beren bidea jorratu dute kaleko zirkuan, baina oraingo honetan eszenara igaro dira, eta ekimen horretan Agurtzane Intxaurragaren ezinbesteko laguntza eduki dute. Izenburuak dioen bezala, garai bateko eskutitzak dira emanaldiaren oinarri, eta eskutitz horien bidaiak ikustera joaten denak finezia eta kariño handiz egindako lan poetiko bat aurkituko du.

      Umore malenkoniatsua, akabera orbangabeko akrobazia jostariak, elementu apalen erabilera sormentsua eta ikuste-efektu dibertigarriak dira lan honen osagai nagusiak, Carlos Imazen musika inspiratuarekin batera. Haien guztien artean osotasun sendo bat eratu dute, eta, hiruren prestakuntza fisiko eta artistikotik abiatuta, barne koherentzia handiko ikuskizuna atera da Intxaurragaren zuzendaritzatik.

      Azkenik, esan beharra dago emanaldia ez dela erabat hitzik gabea, Aritza Rodriguezek noizbehinkako hitz solteak eta esaldi labur esanguratsuak bota dituelako euskaraz, ekinaldi batzuk indartuz edo egoerak azpimarratuz. Horrek proposamenaren freskotasuna nabarmendu, eta ageriago utzi du Letter hau ez dela iraganeko parametroetan geratu, sudur gorrien errazkeria iraganeko tiraderan utzita eta zirku garaikidearen bideetatik ibilita.

      Eta zirku eszenikotik zine eszenikora igaro gara asteon, Malmö izeneko proposamena film eszenikotzat jotzen baitute Khea Ziater taldeko kideek. Alex Gerediagak zuzendutako proiektua bere bidea ari da egiten nortasun handiko estilo finduan, eta aurreko lanetan bezala —Satisfaktion eta NOT (Never on Time)—, ikusleekiko hurbiltasuna eta antzezleen inplikazio pertsonala izan dira pieza honen ezaugarrietako batzuk. Intimitate gordinaren eremua esploratu dute oraingo honetan ere, eta interesgarria da jakitea emakumeen ikuspegia jorratu dela hiruretan, bai gaien bai antzezleen aldetik.

      Thriller moduko batean eta Mikel Somiñoneren testuan oinarrituta —Jon Gerediagarena da euskaratzea—, gaztetako laguntasun apurtuaren ondorioak plazaratu dituzte Ainhoa Jauregik eta Maria Urzelaik, abandonua, jelosia, gorrotoa eta mendeku gosea lagun. Bi-bien izaera indartsua eta trebakuntza sendoa izan dira lan honetako osagai nagusiak, eta beraiei esker egin zaigu sinesgarri Tarantinoren eskolako deskalabru tragikomikoa. Zuzeneko irudi proiektatuek eta Jesus Pueyoren eszena filmatuek ere jokatu dute egiazkotasunaren alde, eta Malmö ustezko musika talde interesgarriak —Na Gomes, Joke De Vriese eta Birdy— ezinbesteko rola jokatu du kontakizunean, Ainhoa Jauregiren ahots ederrari laguntza dotorea emateaz gainera.