antzezpen kritikak
< Andimaren ametsa | Dena ikus dadila >
Adarrak baino gehiago
Agus Perez
Berria, 2009-02-17
“Ahuntza, edo nor da Sylvia”

Egilea: Edward Albee. Konpainia: Txalo. Zuzendaritza: Carlos Zabala. Euskaratzea: Julia Marin. Antzezleak: Ramon Agirre, Ane Gabarain, Asier Hormaza, Asier Oruesagasti. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Otsailak 14.

      Ahuntza, edo Nor da Sylvia? estreinatu berri du Txalo ekoizpen-etxeak Donostiako Antzoki Zaharrean, eta horrek ezinbestean ekartzen digu gogora duela bi urte pasatxo gurera etorri zen gaztelaniazko bertsioa. Orduko hartan Josep Maria Pou zen protagonista —zuzendaritza lanean ere aritu zen—, emaztearen rolean Merce Aranega zegoen, eta bien artean bikote dramatiko bikaina osatzen zuten.

      Beraz, erronka bikoitza izan du aurrean Txalok, muntaia berri hau zutitzerakoan. Alde batetik, euskaraz sortua izateagatik, eta bestetik, muntaiak aurrekari ahalmentsu bat izango duelako ikusle batzuen gogoan. Neure kasua aztertuz gero, ordea, batere nagirik gabe joan naiz bertsio berri hau ikustera, Edward Albeeren testua oso interesgarria iruditu zitzaidalako aldi hartan eta euskarazko doinuarekin entzun nahi nuelako oraingoan.

      Izan ere, Ahuntza-ren planteamendua guztiz originala da, eta garrantzi gutxikoa da argumentuaren ezuste nagusia aurretiaz ezaguna izatea, Albeeren testuak jatorrizko anekdotatik harago doalako —askoz harago eta hainbat norabidetan gainera— eta aukera ederra ematen digulako benetako dramaturgo baten dohainez gozatzeko. Horren guztiaren adibide, har ditzagun kontuan egoeren garapen naturala, elkarrizketen bizitasuna, pertsonaia bakoitzaren sendotasuna eta dramaturgoak azken unean erakusten duen karta.

      Bestetik, oraingo bertsioan euskal antzerkiko izen baliotsu batzuk elkartu dira, eta beharbada komeni da haietariko batzuk aipatzea. Dudarik gabe, Ramon Agirrere zen lan honetarako berme nagusia, eta alde horretatik bere betiko efikaziarekin eutsi dio egokitu zaion pertsonaia konplexuari, baina Ane Gabarain eta Asier Hormaza bikain ibili dira behingoz, neurri-neurrian bata zein bestea, eta edozein demasiatatik urrunduta Carlos Zabalaren zuzendari-lanari esker. Asier Oruesagasti, berriz, lehen aldiz ikusi dut taula gainean eta iruditu zait txukun betetzen zuela seme gaztearen rola. Amaitzeko, argi dago funtsezko rola jokatu duela Julia Marinen euskaratzeak, are gehiago kontuan izanda bera ere izan dela eszenaratze honen zuzendari laguntzailea.