antzezpen kritikak
< Larzabal gaurkotua | Adarrak baino gehiago >
Andimaren ametsa
Agus Perez
Berria, 2009-02-28
“Mirande Kabareta”

Egilea: Edorta Jimenez. Antzezleak: Galder Perez, Ane Zabala. Musikariak: Txuma Murugarren, Rafa Acebes. Off-eko ahotsa: Edorta Jimenez. Lekua: Bilboko Balcon de la Lola dantzalekua. Eguna: Otsailak 26.

      Noren eta Jon Mirande deabrutuaren figura hartu du oinarritzat Edorta Jimenezek bere Mirande kabaret-ari ekiteko. Eta egokia deritzot, historikoki kabareta ikuskizun zirikatzailea eta katartikoa izan delako, bertan ideia ez onartuak, gai ukiezinak eta gustu onaren diktaduratik kanpo zeuden irudiak elkartzen baitziren, aginte politiko eta erlijiosoan daudenen disgusturako eta jende arruntaren gozamenerako.

      Alde horretatik, bikaina izan da Mirande hautatzearen ideia, zeren eta zer izan daitekeen nazien aldekoa izatea baino arbuiagarriagoa? Eta, bestetik, nork jarri zuen hankaz gora inora ez zeraman euskal abertzaletasun klasikoa? Dudarik gabe zuberotar idazlea mendeetan izan dugun pertsonaiarik heterodoxoena eta probokatzaileena da, baina bere probokazioa ez da hutsaltasunean oinarritzen, bere baitako pentsamenduan baizik, nahiz eta pentsamendu hori kontraesanez betea zegoen. Bere kategoria intelektuala eta Euskal Herriaren aldeko jarrera, aldiz, dudaz kanpo daude, eta hala ulertu zuten bere garaiko gizon handi batzuek, hala nola Andima Ibiņagabeitia bizkaitarra, Koldo Mitxelena gipuzkoarra edota Txomin Peillen zuberotarra.

      Edorta Jimenezek, beraz, Miranderen ideiak, testuak eta olerkiak hartu eta kabaret forma eman die, bi musikari eta bi antzezleren laguntzarekin, eta nik uste dut euskara hutsezko produktu zirikatzaile eta jasoa lortu duela —edo dutela, hobeto esanda—, beraiek aitortzen duten bezala sortze prozesuan zuzendaritza zentralik ez delako izan, denen arteko sorkuntza izan baita.

      Hori dela eta, nik neure artean askoz produktu makalagoa espero nuen eta pozteko moduko sorpresa hartu dut emanaldia sendo-sendo eta etenik gabe aurrera zihoala ikustean. Pentsalariaren testu mamitsuak trabarik gabe txertatzen ziren antzezleen gorputz-keinu eta imintzioen artean eta musikariek abestutako partitura ezagunek ezin hobeto eusten zioten emanaldiaren erritmo biziari. Bestalde, planteamendu eszenikoak asko lortu du oso gauza gutxirekin, eta nik bereziki nabarmenduko nituzke idazlearen presentzia ezkutatua, musikarien itxura erdi patetikoa eta antzezle bien sexu-nortasun nahasia.

      Izan ere, ni seguru nago lan hau sortzerakoan denak emanda ibili direla haiek guztiak, eta bakoitzak ahalik eta gehiena eman duela bere jakituria arloa elkarren zerbitzura ipintzeko. Gauzak horrela, mende erdi baten bueltan gauzatu da Andima Ibiņagabeitiaren ametsa, alegia, euskal kabareta Bilbon edo Donostian zutik jartzearena.