Musikal bat baino askoz gehiago
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1994-03-16
“Miserableak”

Egilea: Victor HUGO. Zuzendaria: Valen Moñux Uribesalgo. Eszenografia: Andoni Goiti, Iñigo Martinez eta Mikel Ibarzabal (Kukuma taldea). Egokitzea: Alain Boubil. Musika: Claude Michel Schöneberg. Aktoreak: Xabier Zabaleta, Gerardo Mondrago, Maria Jesus Ugalde, Valen Moñux, Fara Moñux, Maria Angeles Larrañaga, Lidia Diez, Argiñe Agirrezabal, David Azurza, Mireya Osinaga, Ion Ugartetxea, Carlos Etxaniz. Abeslariak: Bergararko Musika Eskolako ikasleak.

      Dudarik gabe sorpresa ederra izan da denontzako “Miserableak” antzerki lan musikalaren taularatze hau. Aurretik hamahiru hizkuntzara itzulia zen musikal famatu hau euskarazko bertsioan aurkeztea Bergarako Musika Eskolak lortu du, “... eta kitto” Euskara Elkartearekin batera.

      Emaitza goi mailakoa, distiratsua izan dela esan dezakegu. Baina eremu horretan sartu baino lehen, saiatuko naiz hiru hitzetan azaltzen zertan datzan ikuskizun musikal honen originaltasuna eta arrakasta. Alde batetik “Miserableak” Brodwayn egiten omen diren musikal handien antzekoa bada ere, testu berezi batan oinarrituta dago, Victor Hugoren nobela ospetsuaren hautapen batean hain zuzen, eta horrek nolabait baldintzatzen ditu aurretiaz muntaia osoaren kategoria eta kalitatea. Baina “Miserableak” ikustera joatean ez goaz soilik ohizko musikal bat ikustera, muntaiak aldi berean beste konnotazio batzuk badauzkalako. Operatik adibidez urrun ez dabilela esango nuke nik, eta norbaitek burutik jota nagoela uste badu, gogora ditzala mesedez partituraren sotiltasuna, orkestraren tamaina eta kalitatea (nahiko ezohizkoak musikal arruntekin konparatuz), baita bakarlariek dituzten garrantzia eta prestakuntza ere.

      Pastorala da nire ustez kontuan har dezakegun beste erreferentzia, muntaia hau baloratzeko eta preziatzeko momentuan. Zelan kontsideratu bestela herri bateko belaunaldi ezberdinetako hainbeste jendek taularatze berean parte hartzea? Jakin badaki noski pastoral baten parametro artistikoak ez direla erabiltzen musikal bat eraikitzeko, baina nik dakidanez, sortze prozesu luzea eta era askotarako pertsonen elkartze hau pastoral baten guztiz parekoak izan dira muntaia honetan.

      Espekatakulu handi bateko dotoreziaren barnean naturaltasuna eta lautasuna izan dira nagusi taularen gainean eta proiektuan izan diren guztiengan. Euren buruak aurkezteko beraiek esaten dutenez: “... denok musikazaleak besterik ez gara: gutariko gehienok ez dugu holako lanik egin. Victor Hugoren historia eder honek Schönbergen musika gogarazlez, gure akatsak konpentsa ditzala nahiko genuke bihotz-bihotzez”. Eskergarria benetan. Egia da Hugoren testuak eta Schönbergen musika sugerenteak direla, baina lan honetan akatsik izatekoan nabariezinak izan dira eta muntaiaren egitura edo baldintzei leporatu ahal dizkiegu bete-betan. Balizko akatsetan pentsatu beharrean, azpimarratu behar dira ordea euskara moldaeraren gardentasuna, abeslari guztien maila, soinu anplifikazio bikaina eta zuzendaritza lan kementsua, hau da, ikuskizun osoaren duintasuna eta edertasuna.