Ez naute konbentzitu
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1994-03-13
“Kakatua berdea”

Egilea: Arthur Schnitzler. Zuzendaria: Mario Gras. Eszenografia: Jon Berrondo. Argiztatzea: Mario Gras. Jantziak: Mabel Gutierrez. Aktoreak: Joseba Apaolaza, Fermin Sanles, Agustin Arrazola, Alberto Arizaga, Mireia Gabilondo, Isidoro Fernandez, Juan Mari Segues, J. Ramon Soroiz, Jon Ezkurdia, Kike Diaz de Rada, Garbiņe Losada, Iņake Irastorza. Tokia: Bilboko Arriaga Antzokia. Eguna: Martxoaren 10etik 13ra.

      Iazko azken hiru hilabetean estreinatu zen “Kakatua berdea” azkenik ikusi ahal izan dugu Bilbon, euskaraz zein erdaraz, azken egun hauetan. Gipuzkoako Diputazioak sortutako “Arteszena” erakundearen lehenengo muntaia izanik, ilusioz eta jakinguraz hurbildu naiz ikustera Arriaga Antzokira. Eszenatokia apoteosikoa, goi mailako jantziak, musika zuzenean, argiztatze lana egokia... eta dena den, antzezlanak ez nau konbentzitu.

      Schnitzleren testua abiapuntu original batetik jartzen da martxan eta ingurune interesgarri batean garatzen da: 1791. urtean gaude Pariseko taberna ilun batean. Kobazulo honetan batu ohi dira emozio fuerteak bilatzen dituzten zenbait noble eta behe mailako jende batzuk. Inork ez daki hala ere, gaur bertan Bastille-ko espetxea hartuko dela. Egun historikoa beraz, abiapuntu ezin originalagoa eta planteamendu mamitsua, baina hortik aurrera egileak ez da jakin apustuari eusten. Egoeraren interesgarritasuna ez da aprobetxatzen, testuaren eraikuntza dramatikoa ez da behar den neurrian garatzen, obraren osotasuna ez doa inora, dena amaitzen eta amatatzen da ardurarik gabeko istilu pertsonal batean. Batzuek bilatu nahi izango dute amaiera horretan obrari falta zaion transzendentzia, baina nire besaulkitik behintzat ez da horrelakorik igarri.

      Beste maila batean kokatzen bagara, zuzendari eta aktoreei dagokionaz hitz egin behar da. Mario Gas dugu zuzendaria, nahiko ezaguna antzerki munduan, eta bere lanetariko bat, “El tiempo y los Conway” hain zuzen ere, ikusi ahal izan genuen Euskadin orain dela urtebete. Aukera hartan zutabe honen titulua “Zero akats” izan zen, bere lanaren perfekzioarengatik nire txalorik beroena bidaltzen niolarik. Ez honetan ordea. Eremu eszenikoaz eta jantziez gain, muntaiaren alderdirik aipagarriena lan koreografikoa dela esan daiteke eta bigarren mailan keinuen adierazkortasuna, baina bi aspektu hauez aparte, lan aktoralaren pobrezia izan liteke gauzarik nabariena ikuskizunean. Hogeita piku aktore dira eta bat ere ez dago bere pertsonaiarengan sinesten duenik; batzuk besteak baino pasagarriagoak dira, baina guztiak txandaka ibiliko balira bezala mintzatzen dira. Badirudi bakoitzak bere esaldia botatzeko itxaroten duela apur bat ea aurrekoak hitz egiten noiz amaitzen duen. Nik ez dut ulertzen beraz, non egon den Mario Gas antzezlan honetan, agian argiztatze lanak denbora larregi kendu dio, batek daki, baina obrari erritmoa falta zaio, dena zatikaturik dago nolabait, eta orokorrean antzezlanaren “tempo-a” ez du batere kontrolatu Gasek.