Kontrolpean eta zaratarik atera gabe
Alejandra Goikoetxea
Argia, 2017-07-02
“Besaulkiak”

Zuzendaria: Ander Lipus. Gidoia: Gotzon Barandiaran. Ekoizpena: Abarka Antzerki taldea. Aktoreak: Rakel Anitua, Luis Egurrola, Lur Epelde, Nerea Foruria, Nagore Leon, Ruben Markina, Amalia Marti eta Gilen Santiso. Non-noiz: Ekainaren 17an Markiņa-Xemeingo Uni Frontoian.

      Eszenatokian iluntasuna eta egurrezko kutxa misteriotsua erdi-erdian. Herriko jendea urduri lagun, senide eta herriko ezagunak ikusteko antzoki bilakatutako frontoian, denbora luzez prestatutako antzezlanaren emanaldian. Gaurko lehian baina ez da gorria edo urdina gailendu, gaurko emanaldian kolore grisak hartu du frontoia.

      Kontrolpean nahi eta behar gaituzte Gotzon Barandiaranek asmatutako fikziozko herri euskaldun honetan. Lanerako gogotsu eta prestu, gainerako orduetan lokartuta, eta deskantsuan askoz hobe. Isilik eta zaratarik atera barik. Horretarako guztiontzako besaulki berdinak ekarri ditu agintariak. Protesta eta kexarako abagunerik ez dago, galderak ere gutxi eta kontestutik larregi aldendu bakoak, obedientzia zor zaie goiko agintariei. Herritarrek otordurako erosi behar dutena erabakitzeko eskumenik ere ez dute herri honetan. Eskerrak baina hainbeste obedientzia artean inkonformistak ere badirela.

      Talde amateurra izanagatik ere landutako antzerkia izan da Markiņa-Xemeinen ikusteko aukera izan duguna. Traba eta erratak dotoretasunez estali dituzte aktoreek inprobisazioari helduta. Ander Lipus izan da Abarka antzerki taldearen lana zuzentzearen arduraduna. Taula gainean zuzendariaren estiloa ere nabarmendu da, alkatearen pertsonaia Lipusetik nahiko gertu ikusi dut behintzat. Aipamen berezia egingo nieke aulkiei, besaulkiei, eserlekuei, butakei… antzerkia modu esanguratsu eta dotorean janzteagatik, narrazioaren hariari laguntza emateagatik.

      Antzezlanak aurretik irakurritako hainbat liburu eta pelikula ekarri dizkit gogora. Horien artean, George Orwell-en 1984 nobela. Kontrola, agintea eta jendartearen pasibotasuna. Lasaitu ederra hartu dut behintzat, Euskal Herriko herri bitxi honetan txoriak txioka entzun eta oiloak bizirik ikusi ditudalako, hemen natura pixkat gehiago miresten edo maitatzen dugu nonbait.

      Ikusleok, guztiok eserleku berdinetan eserita, hausnarketarako tartea hartu dugu: kasualitatea ote istorioan azaltzen den bizidun bakarra oiloa izatea?